Zabalik da Zestoako elkarteek diru-laguntzak eskatzeko epea

Zestoako Hitza 2014ko martxoaren 5a

Zabalik dago Zestoako elkarteek udalari diru-laguntzak eskatzeko epea. Proiektuak apirilaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira. Zestoan egoitza eta jardun eremua daukaten elkarteek edo entitateek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Aurkezten diren eskaeren artean lehentasuna izango dute herriko kultur bizitza, parte-hartzea eta elkarte-sarea indartzeko helburua duten proiektuek. Gainera, plangintza ondo zehaztuta dutenek, herriarentzat interes nabarmena dutenek eta lan jarraitua edo urtean zeharreko lan iraunkorra dutenek ere lehentasuna izango dute. Eskabideak Zestoako udaletxean aurkeztu beharko dira honako agiriekin batera: - Nortasun Agiria - Identifikazio Fiskaleko Kodearen dokumentuaren fotokopia (IFK) - Proiektuari buruzko txostena. - Gastuen eta sarreren aurrekontua. - Zerga obligazioak betetzen dituela egiaztatzea. Laguntzak jaso ahal izateko beharrezkoa izango da proiektua gauzatzea, baita diru-laguntza justifikatzea ere. Horrez gain, elkarteek Zestoako Udalari jakinarazi beharko diote beste diru-laguntza, laguntza, diru sarrera edo bitartekorik lortzen duten kasuetan. Gainera, zerga obligazioak betetzen direla egiaztatu beharko da, baita jasotako dirua zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gorde ere. Jarduerei buruzko publizitatea egin beharko dute laguntza jasotako elkarteek eta ezingo dute hizkuntza edota irudi sexistarik erabili. Diru laguntzak emateko irizpide batzuk dira honakoak: -          Proposatutako proiektuaren ezaugarriak: Gehienez 40 puntu. -          Entitate eskatzailearen ezaugarriak: Gehienez 40 puntu. -          Entitatearen finantza baliabideak; bere baliabideen, beste dirulaguntzen eta aurkeztutako gastuen aurrekontuaren arteko proportzionaltasuna: Gehienez 20 puntu. Informazio gehiago eta zehatzagoa edukitzeko, jo udaletxera edota Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko 2014ko martxoaren 4ko alera, hemen sakatuz: 2014 urterako Zestoako Udalak herriko elkarteentzat ezarritako diru-laguntza deialdia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide