Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lurpea elkartea osatzen duten Euskal Herriko sei kobek lur azpiak ezkutatzen dituen mundu ikusgarriak, eurek 6. kontinentea deiturikoa ezagutzeko egun berezia antolatu dute. Zugarramurdiko Sorginen Kobak, Urdazubiko Leizeak, Mendukilo Kobak, Arrikrutz-Oñatiko kobak eta Ekainberrik osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea.
Igande honetan ospatukoda Kobazuloen V. Eguna, eta aurten ere aipatutako leizeak ezagutzeko abantailak eskeiniko zaizkie bisitariei. Leize guztietako sarreran % 50eko deskontua izango dute bisitariek. Horrez gain, sei kobazuloetakoren batera joaten diren guztien artean Urdazubiko Irigoienea Hotelean asteburua bat pasatzeko txartela zozkatuko dute, baita gainerako kobazulo guztietara doan sartzeko txartel bat ere.
Ekainberrin, abantaila horiez gain, ekintza bereziak egingo dira igande honetan. Bisita gidatuetan kobazuloen ezaugarriek bertan bizi ziren gizakietan eta beraien bizimoduan nola eragiten zuten erakutsiko da. Horrez gain, Ekain Abenturan, bisitariek paleolitoan bizirauteko beharrezkoak ziren sua egin, pintatu eta ehizatzen ikasiko dute kanpoaldeko zirkuitu batean.Informazio gehiago eta erreserbak 943-86-88 11 telefonoan edo ekainberri.com webgunean.
Mugak, gizakiak jarriak
Lurpea elkartea osatzen duten sei koben artean 180.000 bisitari izaten dituzte urtean. Zifra hori ikusita, «sendo» sentitzen da elkartea aurrerantzean ere lanean jarraitzeko. Mugarik gabeko lurpea ekimenean kokatzen da kobazuloen egun hau, «izan ere —azaltzen du Ekainberriko koordinatzaile Juanjo Aranburuk— gaur egungo mugen alde desberdinetan gaudenok batzen gaituzte koba hauek, baina garai hartan ez zegoen mugarik, mugak soilik gizakia iristen zen lekurainokoak ziren».