Gilkitxaro taldea: Alde eginez eta elkar topatuz

Aritz Mutiozabal 2014ko martxoaren 5a

Gilkitxaro Ilargi eta Willi ihesean dabiltza, bakoitza bere aldetik, baina biek topo egingo dute basoan. Ilargik etxean bizi duen tragediatik egiten du ihes. Willik, aldiz, jarraitzen duten pertsonengandik, baina, era berean, bera beste batzuk zelatatzen ari da. Bien bizipenen eta egoeren inguruko istorioa da Urak ttiki dire antzezlana, Gilkitxaro taldeak Matadeiko V. Antzerki Jardunaldien barruan taularatuko duena. Emanaldia igandean izango da, 19:00etan hasita. Gaizka Sarasola antzerkigile lesakarrak idatzitako testua izan dute ardatz Ane Zabala eta Galder Perez aktore bilbotarrek ekoizpen berria atontzerakoan. «Laguna dugu Sarasola, eta 8 Begi antzezlanarekin Lesakan izan ginenean, guretzat zerbait idazteko eskatu genion. Handik urtebetera, sekulako ezustea eman zigun, testu polit hau bidaliz», azaldu du Gilkitxaroko kide Galder Perezek. Antzezlana euskara batuan bada ere, lesakar ukitua du. «Bizkaitarrak izanda, guretzat erronka izan da haien doinua eta, oro har, hizkuntza bera zaintzea». Dena dela, «sinesgarri» egin dutela eta hasierako zalantzak uxatu ondoren, gustura dabiltzala adierazi du Perezek. Euskalki berri batekin ez ezik, erregistro berri batekin ere animatu dira oraingoan. «Honako hau drama surrealista poetikoa da, eta gu ohituago gaude komediara. Gainera, komedia nahiko kabareteroa egin izan dugu beti». Alde horretatik ere erronka handia izan da Gilkitxarorentzat, baina jauzi hori emateko gogoa ere bazutela onartu du aktoreak. «Erregistro aldaketa ez ezik, testu gordina azaleratzen dugu. Gure herriko hainbat gauzaz hitz egiten dugu: borroka armatuaz, pertsonen arteko borrokaz, kartzelaz eta torturaz, eta hori guztia ukitu poetiko batekin. Oso pozik gaude emaitzarekin». Poesia, drama eta absurdoa uztartzen dute pertsonaiek agertoki gainean. «Hari fin batek batzen ditu guztiak, eta horrekin egiten dugu jolas. Horretarako nahiko proposamen biluzia eskaintzen dugu; hau da, oso elementu gutxirekin. Guk jartzen diogu arima, hitza, gorputza eta zenbait irudi kontakizunari, eta ikusleak berrintepretatu behar du kontatzen ari garen guztia». «Mugarri izango da» Perez ziur dago Urak ttiki dire antzezlana «mugarri» izango dela Gilkitxaroren ibilbidean. «Beti egon gara irekita beste generoetara, baina aurrerantzean gehiago. Gainera, sormenean gauza berriak deskubritzen joan behar dugu, eta geure buruari ezin dizkiogu mugak jarri. Ausartak izan behar dugu, gauza berriak probatuz eta jolastuz. Azken finean, antzerkia ere jolasa da, eta hori ez dugu ahaztu behar». Gilkitxarok 20 urte egin ditu oraintsu, eta bere ibilbidean askotan gerturatu da Matadeira, unean uneko antzezlanarekin. Duela 17 urte Infernuko atarian  antzezlanarekin izan ziren, artean Antzerki Jardunaldirik egiten ez zenean, eta gerora ere etorri dira; azkenekoz, 8 Begi lanarekin. «Aktore gisa antzoki handietan ere ibili garen arren, Gilkitxarok herri kulturatik gertuago dauden espazioetan edo sortzaileengandik gertuago dauden espazioetan antzezten du, eta hori Azkoitiko Matadeixen kasua da», nabarmendu du aktore bilbotarrak. «Gu gaztetxe batean sortu ginen, nahiz eta gero profesional bidean beste gauza batzuk egin ditugun», azaldu du. «Orain ere modu horretan gaude; hau da, sortzaileek sortutako Pabellon 6 izeneko espazio librean. Orduan, Matadeixe bezalako tokietan etxean bezala sentitzen gara».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide