Maria Zunzunegi: "Anorexiak beti izaten du sakoneko beste arazo bat"

Olatz Prat 2014ko mar. 5a, 08:37

Irrifarrea ageri da Maria Zunzunegiren (Zestoa, 1988) aurpegian, atera baita 13 urte ingururekin ezagutu zuen zulo beltz eta sakonetik. Urte askoko borroka da anorexiaren kontrakoa. Borroka zaila, norberarentzat nahiz ingurukoentzat. Baina, Zunzunegik dioen bezala, «ez da galdutako gerra bat, irabaztea dago». Bere esperientziari buruz aritu da HITZArekin, arazoa izan dezaketen pertsonei laguntzeko itxaropenez. Noiz hasi zinen nabaritzen zerbait gertatzen ari zitzaizula? 2004an neu hasi nintzen konturatzen bazela zerbait ez nuena benetan kontrolatzen, baina, irristatzen 2001ean hasi nintzen, 13-14 urte nituela. Irristatze hori nola hasi zen? Udaleku batzuetan hasi zen, Jakara (Espainia) joan nintzen ingelesa ikastera, eta batekin eta bestearekin konparatzen, neure burua gizena ikusten, hasi nintzen. Jantokiko janaria ere ez zen oso ona, eta pisu pixka bat galdu nuen. Eta ondo sentitu nintzen. Amu horri eutsi nion, gutxiago jan eta pisua galtzearen amuari, gauza inuzente bat bezala. Handik bi-hiru urtera istorioa beste bat zen, ordea. Hala da, gero jada egunerokoa zen. 24 ordu horretan pentsatzen egoten nintzen, pentsatzen zer jan behar nuen, zer ez nuen jan behar, jan eta gaizki sentitzen, zenbat kirol egin ote nuen pentsatzen. Bizia horren bueltan egiten nuen, azken finean. Esnatzen nintzenetik oheratu arte, eta gauak ere buruari bueltaka pasatzen nituen. Nola joan zen aldatzen janariarekiko harremana? Hasieran txokolatea eta gozokiak kentzen dituzu, gizendu egiten dutela entzun duzulako. Gero pasta kentzen duzu, gizentzen dutela diotelako, beti diotelako. Pasta ez, eta entsalada bakarrik jaten hasten zara. Baina kirola egitera zoazenez, ondoren ez duzu ezer jaten, ur pixka bat edaten duzu. Dena kentzen duzu, begi bistakoa den horretatik hasi eta oinarrizko gauzetaraino, eta momentu batean, sagar bat, sagar erdi bat, galleta guztiz light bat jatera iristen zara eta, azkenerako, ezta urik ere. Poliki-poliki dena kentzera iritsi nintzen, janaria itsatsi egiten zitzaidala sentitzen bainuen. Zenbat kilotan gelditu zinen horrela arituta? 50 kilotan gelditu nintzen. Pisutan ez nuen kilo asko galdu, baina gorputzarentzat izugarrizko egurra izan zen. Orduko argazki batzuk ikusten ditudanean ikusten dut argal nengoela, baina ez zen hain begi bistakoa. Analisiak ere ondo ateratzen zitzaizkidan. Gaur egun ere askori gertatzen zaio hori, pisuan ez daudela muturreko egoera batean, baina gaixo daudela. Anorexia dutenek hezurretan eta zuri-zuri egon behar dutela pentsatzen dugu, baina, ezin dugu irudikatu ere egin kalean zenbatek duten arazo hau. Etxean disimulatzen zailagoa izango zen, ezta? Etxean esan nuenean sagar bat janez nengoen, gaizki nengoen, botaka egin behar nuen, baina era berean gose nintzen. Etxean esan ondoren ere gorabehera handiak izan nituen. 2005 inguruan ohean etzanda egon nintzen, geldirik, urik ere edan gabe. Hiru aldiz ingresatu zintuzteten. Nolakoak izan ziren egonaldi haiek? Lehenengoan ikasi gehiago egin nuen sendatu baino. Hamabi lagun geunden, hamaika neska eta mutil bat, eta denok gaixotasun berarekin. Eta mundu osoa gerra bat bihurtzen zaizunean, zeure arazo bera duen baten ulermena bilatzen duzu. Handik ateratzean neure buruari esaten nion, hemendik ateratzeko zer egin behar dut? Jan, bada jan egingo dut, nahiz eta gero bota. Oraindik ez nengoen prestatuta sendatzen hasteko. Bigarrengoa oso gogorra izan zen, eta han jada ikusi nuen ez nuela dinamika horrekin jarraitu nahi, baizik eta amaitzea nahi nuela. Hasieran izango da fase bat, gertatzen zaizunaz kontziente ez zarena, ezta? Noski, hasieran nik kontrolatzen dut horrekin zaude: nik kontrolatzen dut zenbat jaten dudan, nire gutxieneko pisua zein den. Baina, momentu batean berak kontrolatzen zaitu zu, eta denbora batean konturatzen hasten zara, baina ez duzu onartu nahi. Aitortzeak ere beldurra ematen dizu, aitortzen duzun momentutik lan bat egitera zoazelako, eta lan hori oso gogorra izango dela badakizulako. Nolakoa da sendatze prozesua egunerokoan? Normalean endokrino batekin, psikologoarekin, psikiatrarekin eta zeure sendagilearekin egoten zara, eta horien guztien artean puzzlea berriz osatzen joaten zara. Alde batetik jaten ikasi behar duzu berriz, eta ulertu behar duzu janaria zer den zure gorputzarentzako, oinarrizkoa dela. Erlaxatzen hasten zara janariarekin, eta ohartzen gorputzak badakiela jaten duzun hori onartzen. Itsastearen sentsazio hori kentzen joaten zaizu. Zer lantzen da psikologo eta psikiatrarekin? Alde emozionala sendatzen joaten zaran haiekin, horrelako arazo batek sakonean beti baitu beste arazo bat. Nire kasuan, pisuarengan kontrola izatea bilatzen nuen beste arlo batzuetan kontrolik ez nuelako eta gaizki sentitzen nintzelako. Pisua kontrolatzen nuenez, beste guztia alde batera utzi eta honetan bakarrik zentratu nintzen. Arazoei ihes egiteko modu bat da, alkoholikoek edo drogomenpekotasuna dutenek egin dezaketen moduan. Nola eragin zuen arazo honek zure bizitza sozialean? Erabateko eragina izan zuen. Eskolako errendimendua guztiz jaisten da, garuna eta gorputza elikatu gabe ezin baita aurrera segi. Ingresoekin gainera, eskolak galtzen dituzu. Gero sentitzen duzu lagunak ere zure kontra daudela, ez zaituztela ulertzen. Horregatik, ez eztabaidatzeagatik edo entzun beharrik ez izateko, etxean gelditzen hasten zara. Jende artean ere lekuz kanpo sentitzen nintzen. Poliki-poliki dena uzten joaten zara eta gaixotasunean zentratzen zara guztiz. Arlo guztietan du eragina. Sintomatologia, gainera, oso konplexua da, autoestimua oso baxu egoten da, eta segurtasun eza, antsietatea edo depresioa agertzen dira. Sendatze prozesu horretan, noiz konturatu zinen zulotik ateratzen ari zinela? Duela urte gutxi. Hirugarren ingresoaren aurretik, 2011ko ingresoaren aurretik, seguruago nengoen neure buruarekin. Azkenean gaixotasun honekin orbana gelditzen da azalean, ez da lehen bezala gelditzen, eta ikasi egiten duzu gaixotasun horrekin bizitzen. Beti edukiko duzu itzultzeko tentazioa, momentu txarretan horri eustekoa. Azken ingresoaren aurretik nahikoa ondo ikusten nuen neure burua, eta horren ondoren jada serio jarri nintzen. Gaur egun badakit neure buruak nola funtzionatzen duen, eta hori jakinda, zaindu egiten zara. Ispiluan orain ikusten duzunaren eta lehen ikusten zenuenaren artean, zein alde dago? Aldea handia da. Lehen indarrik gabe ikusten nintzen, txikia, gizena; ezin nuen neure burua ikusi. Gaur egun indarra ikusten dut, hau guztia pasa eta gero, segurtasun handia nabaritzen dut, eta lehen zeuden sakoneko arazo haiek ere gaindituta daudela. Zerk erakutsi diezaguke inguruko norbait gaixo dagoela? Egoeraren arabera arrasto desberdinak izan ditzakegu. Etxean, esaterako, lehen kirolik egiten ez zuen pertsona bat edo modu batean egiten zuena, bapatean kirola neurrigabe egiten hasteak erakuts dezake zerbait gertatzen dela. Jatekoarekin gerta daiteke pertsona horrek beti bakarrik jatea, inork ez ikustea jaten, edo jan eta gero beti komunera joatea. Jendeari grazia egiten dion xehetasun bat ere badago: zuk gaixotasun hori duen pertsona bati tortilla frantsez bat ateraz gero, seguruenez sukaldeko papera hartu eta olioa xukatuko dio, eta xerra bat ateraz gero, zain guztiak kendu eta pusketa txiki-txikiak eginda jango du. Dena den, asko aldatzen dira gauzak pertsona batetik bestera. Horrelakorik nabaritzen duenari zein gomendio emango zenioke? Informatzeko. Fijatu eta galdetzeko, eta gaixo egon litekeenarekin xuabe jokatzeko, pertsona hori, normalean, itxi egiten baita, ez baita kontziente gertatzen ari zaionaz. Adinaren arabera ere asko konplikatu daiteke; gaztetan, lagunek jada ez dakite nola jokatu, ez dakite haserretu, hitz egiteari utzi, gurasoekin hitz egin ala zer egin. Elkarteak daude laguntzeko eta informatzeko. Pauso guztiak azalduko dizkiete han, zein espezialistengana joan esango diete eta prozesu guztian lagunduko diete. Hemezortzi urtetik beherakoa bada, haren borodatearen kontra ingresatu daiteke, baina adinez nagusiak ez, eta hor gauzak asko konplikatu daitezke. Gaur egun irudia mantentzeagatik dagoen kezkaren atzean ezkutaturik, esaten duzun hasierako fase horretan egon al daitezke pertsona asko? Hala uste dut. Entzun ditut gurasoak esaten euren seme-alabek gutxi jaten dutelako esaten zaintzen ari da-eta. Kontua ez da gutxi jatea, ordea, ondo jatea baizik. Komentario asko entzuten dira, bai. Gero, batzuk horretantxe geldituko dira, bolada bateko zerbaitetan. Edo zaindu nahi badute, nutrizionista batekin hasiko dira, edo kirola nola egin esango dion entrenatzaile batekin. Hor daudenei esango nieke galdetzeko; ezer egin aurretik, galdetzeko. Lehen, eta oraindik ere emakumeei gertatzen zitzaiena, mutilei gertatzen hasi zaie, ezta? Bai, mutilek ikaragarrizko presioa dute gaur egun. Telebistaren bitartez saltzen zaie arrakasta izateko irudi bat, mutil gihartsu eta depilatuena. Zer dago horren guztiaren atzean? Ahazten ari garela benetan zerk inporta duen. Gure munduan dena da materiala, dena da lortzea, etxea, kotxea edo bestea. Eta pentsatu behar dena da, etxe hau daukat, kotxe hau daukat edo arropa hau janzten dut, baina ni zein naiz? Itxura batetik aurrera zein naiz? Ahaztu egin zaigu. Galdetu edozeini zer duen, eta izugarrizko zerrenda egingo dizu. Galdetu norbaiti nor den. Jendea galdu egiten da galdera horren aurrean. Hutsune handi bat dago eta hutsune hori gauza materialekin betetzen dugu. Psikologia ikasi eta profesional moduan lanean hasi berri zara. Iritsi al zaizu zuk izandako arazoaren moduko kasurik? Kasurik ez zait iritsi, baina, duela gutxi guraso bat galdezka etorri zitzaidan, alabarekiko dituen kezkak eta beldurrak azalduz. Gogorra egiten da. Profesionala zaren aldetik distantzia bat jartzen duzu beti, baina istorio horiek gehiago iristen zaizkizu barrura, batez ere arazo bat dutela ikusten duzunean eta nondik heldu ez dakitenean. Lur jota dagoenari zer esango zenioke? Irabaztea dagoela, ez dela galdutako gerra bat. Gaur egun oso ondo prestatutako jendea dagoela eta iritsiko dela eguna ondo egongo dena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide