Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren 8an Kilometroak 2014 Kirol Erronka jokatuko dute Orioko plazan. Orioko, Tolosako, Usurbilgo eta Zarauzko goi mailako kirolariak elkarren aurka lehiatuko dira taldeetan banatuta. Besteak beste Abraham Olano, Jon Unanue, Hossain Kaanache, Maider Gaztañaga eta Iñigo Mujika kriolariek hartuko dute parte bertan. Igerian, bizikletan, ergometroan eta korrika ariko dira kirolariak, eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da.
Iaz Tolosak sortu zuen Erronka egitasmoa Kilometroak 2013ren harira, eta hori uztartu nahi izan dute Hossain Kaanache oriotarrak duela sei urte inguru herritarrengan kirol zaletasuna sustatzeko antolatu zuen Kirol Erronkarekin. «Izenean bat egiteaz gain, filosofia oso antzekoa dute bi egitasmoek». Kirola herritarrengana hurbiltzea eta gaztetxoen artean aisialdirako alternatiba modura azaltzea baita nahia.
Martxoaren 8an goizean goizetik hasiko da egitasmoa. 09:30ean kirolarien aurkezpena egingo dute, eta 10:00etan hasiko da ikuskizuna. Proba bakoitzak 15 minutu iraungo ditu gehienez. «Ez da errelebotako proba bat izango. Proba bat amaitzen denean, esaterako, atsedenalditxoa egin eta hurrengoari emango diogu hasiera. Amaieran denbora guztiak gehituko ditugu, eta proba sorta osatzeko denbora gutxien behar izan duen taldeak irabaziko du erronka», azaldu du Hossain Kaanachek.
Kirol ikuskizun hori bukatzen dutenean, kirol erronkan parte hartu duten kirolariek eta Orioko Ikastolako ikasleek Mosaiko Proba izenekoa egingo dute. Burua lantzeko proba bat da hori. «Ikasleentzat berezia izango da mosaikoen proban goi mailako kirolariekin jokatzea», azaldu dute antolatzaileek.
KIROLARI PARTE HARTZAILEAK:Orioko taldea: Adriana Campoy igerilaria, Eneko Santamaria txirrindulari afizionatua, Iñigo Mujika arraunlaria eta Hossain Kaanache korrikalaria.
Zarauzko taldea: Eneritz Garmendia distanzia luzeko igerilaria, Jon Unanue triatleta, Erik Aranburu arraunlaria eta Guillermo Vahl kirolaria.
Usurbilgo taldea: Mikel Peñagarikano igerilaria, Iñaki Añorga duatleta, Ibai Alba korrikalaria eta triatleta eta Sarai Lizaso arraunlaria.
Tolosako taldea: Maider Gaztañaga triatleta, Abraham Olano txirrindulari ohia, Iñigo Jauregi arraunlaria eta Leire Agirrezabal mendi korrilaria.