Zuloa Borgettoko pergola azpian. Amaia Ventas
Handia izango zela iragarri zuten, baina ez horrenbestekoa. Atzo goizean eguna argitzearekin batera jabetu ziren herritarrak herenegun arratsaldetik atzo goizera arteko itsasaldiak eta haizeteak eragindako neurrigabeko txikizioaz. Zarautz izan da kalte gehien jasan duen udalerria, Bermeorekin (Bizkaia) eta Lapurdiko kostaldearekin batera. Zarauzko Malekoian lau zulo handi eragin ditu denboraleak.
Orain kalteak konpontzea izango da Zarauzko Udalaren lehentasuna. Itsas pasealekua turistikoki eta ikuspegi sozioekonomikotik udalerriko «erakarmen nagusienetakoa» dela gogoratu dute udaletik. Horrenbestez, eskaintza turistikoa bere osotasunean eskaini ahal izateko udarako kalteturiko guneak «ahalik eta osatuen» egotea espero du. Hori «nahitaezkoa» da Mikel Goenaga Herrilaneko zinegotziaren esanetan.
Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritza arduratuko da herenegungo eta atzoko enbatek eragindako txikizioak konpontzeaz. Atzo goizean bildu ziren Zarauzko udal ordezkariak ministerio horretako ingenieriekin, eta egoeraren behin-behineko balorazioa egin zuten. Datarik zehaztu ez duten arren, lanak «lehenbailehen» hasteko asmoa erakutsi zuen Kosta Zuzendaritzak. Horren konpromisoa «sendoa» dela nabarmendu du Goenagak. Malekoiko zuloez gain, aurreko denboraleak utzitako ondorioak ere konponduko ditu horrek, biotopoko pasabidea, moila eta Zarautz eta Getaria arteko oinezkoen pasealekua, kasu. Oraindik zehazteko dago, ordea, itsas pasealekuko eskulturek eta arte lanek jasandako kalteak nork konponduko dituen.
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Zarauzko Udaleko langileek ere modu koordinatuan dihardute lanean. Hain zuzen, Martin Garitano ahaldun nagusia Zarautzen izan zen atzo, itsasoak eragindakoak bertatik bertara aztertu eta bi erakundeen arteko elkarlana bideratzen hasteko. Gauza bera egingo du gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Ana Oregik.
Lau zulo Malekoian
Denboralea «ahulduta» iritsi dela argitu dute adituek. Izan ere, Joseba Egaña Euskalmeteko meteorologo zumaiarrak azaldu duenez olatu handienak, 11 metro ingurukoak, 10:00ak aldera altxatu ziren, itsasbeheran, alegia. Txikizioak, ordea, asko izan dira, Zarautzen batik bat. Aurreko enbataren eraginez itsas inguruko egiturak indargabetuta daudelako izan da hori adituen arabera. Nolanahi ere, ohiko itxura erakargarriaren kontrara, gudu-zelai bat zirudien Zarauzko Malekoiak atzo goizean goiz.
Lau zulo agertu dira Zarauzko Malekoian, eta ez nolanahikoak: bata Argiñano pareko pergolako sarbidean, skate parkearen ondoan; beste bi Zarauzko Dama eta Desertu Txikiaren artean eta, laugarrena, Munoa azpian, Marmol tabernaren parean. Gune horretan, Malekoiaren azpikaldean otsailaren 2ko denboraleak eragindako zuloan betelanak egin bazituzten ere, ez da nahikoa izan olatuen indarrari aurre egiteko. Azpitik pitzatzen hasitako lur zatia behera etorri da olatuen talken ondorioz, eta hormigoi zatiak eta baldosak askatu ditu.
Hala ere, Berazan sortutakoa da ikusgarriena. Gune horretan pasealekuaren azalera handi bat—hamabost bat metro inguru luzetara, bizpahiru metro sakonetara eta bostpasei metro zabaletara— eramateaz gain, Elena Asinsen Canons 22 eskulturaren zati handi bat irentsi dute olatu handiek. Horren lekuan zulo handi bat ireki da, eta horren barruan Malekoiaren zimentuak, askotariko hodiak, farola zatiak eta harri puska solteak ikus zitezkeen atzo goizean.
Horrekin batera, itsasoak are hondar gehiago eraman du Desertu Txikitik, eta duna guztiz desagerrarazi du. Gainera, golf zelaira sartu dira uhinak, eta horren zati handi bat ere eraman dute berekin. Hori dela eta, Malekoian pilatutako harri puskak eta bestelako elementuak kentzeko lanari ekin zioten udaleko brigadako langileek goizean goiz, arratsaldeko itsasgora iritsi aurretik material arriskutsu horiek hondartzatik zein itsas pasealekutik kanporatzeko asmoarekin. Malekoia ez dute gaur zabalduko— atzo adierazi zuten 14:00etarako irekiko zutela, behin konponketa lanak eginda—. Izan ere, begi bistan dagoenaz haratago egon daitekeenak arduratzen ditu udal ordezkariak. «Aurreko itsasaldia gertatu zenean, Marmol parean ez zegoen zulorik. Gerora atera zen. Malekoiaren ezegonkortasunak arduratzen gaitu», aitortu du Goenagak. Argiñanoko pergolaren pareko zuloa «noraino irits daitekeen» ez dakitela ohartarazi dute.
Aparteko txikiziorik ez
Getarian, Orion eta Zumaian, berriz, ez da aparteko txikiziorik izan. Enbatak hondarra eta zikinkeria zabaldu badu ere, ez da otsailaren 2koak eragindako kalterik sortu hiru herrietan. Jende ugari erakarri du, hori bai, olatuek sortutako ikusminagatik.
Alerta gorria pasatuta, lasaituz joango dira olatuak datozen egunetan. Atzo gauerako laupabost metroko olatuak zeuden iragarrita, eta mendebaldeko haizea ere lasaitu egingo zela ohartarazi zuten adituek. Hala ere, «tentuz» ibiltzeko eskatu dute Zarauzko Udaletik. Enbatak utzitako ondorioak jende ugari erakartzen duela nabarmendu dute, eta «normala» den arren, Malekoian dauden elementu solteek arriskua eragin dezaketela ohartarazi dute; erorketak, esaterako. Horregatik, beste behin arretaz ibiltzeko eskatu diete herritarrei.