[
Berria.info] Martxoaren 12an bukatuko da 35/02 'Herrikoen' auziaren ahozko saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean, bost hilabete eta gero. Epaituek "Libre alegatuarekin" bat egiteko eskatu diete euskal herritarrei, eragileei zein instituzioei. Auzi horretan auzipetuta daude Urola Kosta eskualdeko Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Mikel Arregi
Ertxin zestoarra eta Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe.
Epaituek azken hitza eman eta auzia epaiaren zain geratu aurretik, hala ere, bada auzipetuek gogo bereziz itxaroten duten beste egun bat: martxoaren 6a. Aldeek behin betiko eskaera egingo dute ostegunean, eta fiskalak orain arteko eskaera alda dezakeen esperantza dute auzipetuek.
Zortzi, hamar eta hamabi urteko espetxe zigor eskaerak egin ditu orain arte fiskalak akusatuentzat, baina, epaiketan ikusitakoak ikusita, egoera alda daitekeen esperantza dute epaituek. Karmelo Landa auzipetuak ohartarazi du akusatuei ez dietela inputazio zehatzik egin eta akusazio elementu pertsonalizaturik ez dela aurkeztu. Akusazioei ezin zaiela eutsi, beraz. Zigor eskaerak bertan behera uzteko eskatu dio fiskalari.
Fiskalak ostegunean zigorrak eskatzen baditu, epaitegiak "konponbidearen alde aritu direnak zigortzeko" erabiliko dituela ohartarazi du. "Eta fiskalak gobernua ordezkatzen du". Hortaz, Landaren hitzetan, agerian geratuko litzateke Espainiako Gobernuak ez dituela aldaketak onartu, "legalizazioa" ez duela barneratu, eta, finean, ez duela konponbiderik nahi.