Zarauztik Getariarako errepidea, atzo arratsaldean olatu artean (Amaia Ventas/Hitza)
Ura goitik behera, eta behetik gora. Hala izan zen atzokoan. Malekoira jende asko gerturatu zen itsasoaren indarra ikustera, eta olatuek behetik gora zeramaten urari batu zitzaion euri zaparradek goitik behera uzten zutena. Hala ere, lehen lerroan jarraitu zuten herritarrek atzo arratsaldean.
Olatu handiak, haize zakarra eta marea biziak, dena elkartu zen atzo kostaldean. Une ikusgarri bezain arriskutsuak bizi izan ziren itsasaldean, batez ere arratsalde partean. Zarautzen, esaterako, olatuek hartu zuten Malekoia, eta ura errepide nagusiraino iritsi zen itsasgorarekin. Edizio honen itxieran, hala ere, ez zen kalterik zenbatu eskualdeko kostaldeko herrietan.
Atzoko 16:00ak arte alerta laranja aktibatu bazuten ere, ordu horretatik aurrera, gaurko 09:00-
ak arte, gorria ezarri zuten metereologia agentziek «muturreko arriskuagatik». Olatu eta haize ufada handiak izan ziren. Hain zuzen, bederatzi-hamar metrora iritsi ziren uhinak, eta mendebaldeko haizeak ere ez zuen atsedenik eman; 100 kilometro orduko abiadurarekin gogor astindu zuen kostaldea.
Hori dela eta, segurtasun neurri zorrotzak hartu zituzten Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. N-634 errepidea itxi egin zuten 14:00etan, Zarautz eta Zumaia artean. Gaur irekiko dute, 13:30ean. Zarauztik Getariara bitarteko oinezkoentzako pasealekua ere hala dago, otsailaren 2ko itsasalditik.
Zarauzko malekoia ere 15:00etan itxi zuten. Aurrez udal langileek zoruan hormigoia botatzen jardun zuten, eta aurreko egunetako itsasaldiak ateratako baldosa solteak jasotzen. Horrez gain, itsas pasealekuko tabernen ate eta leihoetan egur handiak jarri zituzten, lokalak olatuen talkengandik babesteko. Zenbait kasutan, burdinezko oholak ere jarri zituzten; Pukas Surf Eskolan, kasu, baita lokaletatik materiala atera ere, badaezpada ere.
Bestalde, ura sartzeko arriskua izan dezaketen garajeetako jabeei ibilgailuak ateratzeko gomendatu zieten Zarauzko udal ordezkariek. Horretarako, garaje horiek dituzten eraikinetako administratzaileekin harremanetan jarri zen udala. Horrez gain, etxebizitzen sarreretan ere bandoak jarri zituzten, egoeraren berri emanez eta ibilgailuak ateratzeko gomendatuz.
Hori guztia zehazteko larrialdi bilera bat egin zuten atzo goizean Zarauzko udaletxean Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak, Mikel Goenaga Herrilan zinegotziak, Jabier Etxaburu Segurtasun zinegotziak, Zarauzko udaltzain eta ertzain buruek, herriko suhiltzaileen arduradunak, Zingira boluntario taldeko ordezkariek eta Gurutze Gorriko eta DYAko ordezkariek. Horiek eta hainbat boluntariok jardun zuten lanean Zarautzen itsasaldiak iraun bitartean.
Zumaian, itsasaldietan egin ohi duten moduan, Talaipe ingurua itxi egin zuten. Bestetik, Zumaiako Udaletik jakinarazi zuten arratsaldetik aurrera arranpla eta Txomin Agirre kaia gertutik zainduko zituztela udaltzaingoek. «Babes neurriak hartzen ari bagara ere, Zumaia itsasoarengandik nahikoa babestuta dago, eta ez dugu beste herrietan bezainbeste arrisku», azaldu zuten udaletik.
Getarian, moila inguruko enpresekin jarri zen harremanetan Getariako alkate Nika Lertxundi denboralearen berri emateko, eta babes neurriak hartzeko eskatu zien haiei.
Orion, azkenik, barrako bidea ixtea erabaki zuen udalak segurtasun neurri moduan, eta udaltzainek hondartzan bertatik bertara jarraitu zituzten itsasaldiaren nondik norakoak. Udaleko ordezkariak kezkatuta ziren barran gertatuko zenaren inguruan. «Otsaileko denboraleak gogor kolpatu zuen barra, eta zati handi bat desegin egin zuen. Oraingoan ere horretarako arrisku handia dago, baina hori saihes
teko ezin dugu ezer egin», azaldu zuten udaletik. Ildo horretatik, jakinarazi zuten espigoia berregiteko lanak uda aurretik hastea onartu duela Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak.
Gaur normaltasunera
Gaur amaituko da alerta gorria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak bederatzi metroko olatuak altxatuko ditu egunaren hasieran, baina orduek aurrera egin ahala egonkortzen joango dira baldintzak. Geroz eta txikiagoak izango dira arratsalde-gau partean olatuak, lau-bost metrokoak izan arte. Behin une arriskutsuena pasata, gaur goizeko 10:00etan irekiko dute berriz ere N-634 errepidea Zarautz eta Zumaia artean. Alerta gorria aktibatuta egon den bitartean autobus zerbitzua ere aldatu du Lurraldebusek, Donostia eta Zumaia bitarteko ibilbidea osatzen duten autobusak Meagastik barrena ibili dir,a eta Getariako herrigunean eta Meagas Gaina lotzeko autobus zerbitzu berezi bat ezarri dute.
Alerta gaur desaktibatuko duten arren, Zarauzko Malekoiak itxita jarraituko du bihar 14:00ak arte. Malekoia eta hondartza txukundu eta egin beharreko konponketak egiteko aprobetxatuko dute. Izan ere, asteburuan ere zakar ibili da itsasoa, marea biziak medio, eta hainbat kalte eragin du. Malekoiko zenbait gune apurtu zuten olatuek igande goizaldean, baldosak askatzeraino Munoa azpian eta Duke Enea parean, esaterako. Itsasoa golf zelairaino iritsi zen, halaber, eta biotopoko duna desagerrarazi zuen horrek.