Hitzarmena berritu dute Iraurgi SBk eta Gipuzkoa Basketek

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 4a

Iraurgi SBk eta Gipuzkoa Basketek hitzarmena berritu dute, zortzigarren urtez, Gipuzkoa mailako saskibaloia garatzen lagun dezaten. Ostegunean sinatu zuten hitzarmena Azpeitiko Saski tabernan, eta han izan ziren ose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi SBren ordezkaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Alvaro Bilbao eta German Cea, Gipuzkoa Basketeko presidentea eta Zuzendari Orokorra, hurrenez hurren. Azpeitia-Azkoitia ISB taldeko jokalariez lagunduta izan ziren ordezkariak. Saskibaloia Gipuzkoan zabaldu eta hazi dadin berritu dute akordioa bi klubek. Horien arabera, «dauden zailtasunen gainetik kirol hau probintzian bultzatzen segitzeko» helburua du hitzarmenak. Iraurgi SBk azpimarratu duenez, hitzarmen horri esker Iraurgirekin jokatzen zuten Mikel Motosek eta Julen Olaizolak gaur egun Endesa ligan jokatzeko aukera dute. Horrez gain, gogoratu dute Xavi Assalitek Gipuzkoa Basketek utzita jokatzen duela Iraurgi SBn. Era berean, bailarako taldeko harrobiko Xabi Orozek noizean behin Sito Alonsoren aginduetara entrenatzen du. Lander Lasa, Ibon Guridi eta Aitor Zubizarreta ere hala aritu dira azken denboraldietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide