Gozategi Argentinan
Gozategi taldeak joan den azaroan Argentinara egindako bidaiaren ikus-entzunezkoak igo ditu berriki Elkar argitaletxeak bere Youtube atariko kanalera, eta, aldi berean, bideo horietako bat edo beste sare sozialetan zabaldu du. Bidaiaren nondik norakoak kontatze aldera, Gozategik blog bat ireki zuen Orioko Karkara herri aldizkariaren webgunean
(www.karkara.com/blogak/gozategi-argentina-tour-2013), eta egonaldiaren eguneroa kontatzeaz gain, hiru ikus-entzunezko jarri zituen erakusgai. «Aurretik ere emanda daude, baina herri mailan. Orain, berriz, Elkarrek igo ditu, Euskal Herrira begira», aditzera eman du Asier Gozategik.
Askotan halako ikus-entzunezkoak DVD-dokumental baten aurrepenak izan ohi dira. Gozategiren kasuan, ez dago horretarako asmorik. «Ez dugu pentsatu horrelako materialik kaleratzerik», nabarmendu du abeslari eta trikitilari oriotarrak. Dena dela, «uste dugu eduki polita eta interesantea dutela. Pertsonalki, laugarren aldia zen Argentinara jotzera joaten ginela, baina oraingo honetan bestelakoa izan da, sentipen bereziak izan baititugu. Oso ongi pasatu dugu, eta sekulako harrera egin digute. Gu han izatea ohore bat zela esaten ziguten». Esker hitzak baino ez dituzte esperientzia hartan bizitako guztiagatik. «Gugandik asko jasotzen ari zirela bazioten ere, haiengandik askoz ere gehiago jaso dugula iruditzen zaigu guri».
Itzultzeko gogoz
Argentinako Euskal Astearen ekitaldietan hartu zuten parte oriotarrek, azaroaren 6tik 14ra bitartean, Villa Marian (Cordobako probintzian).
Gozategi 1992-2012 All Stars urteurren diskoa aurkezte aldera zeharkatu zuten Atlantikoa, hain justu ere. 2011n Necochea hirian antolatu zuten Euskal Astea, eta bertan izatekoak ziren, baina osasun arazo batzuk medio, ezin izan zuten joan. Hori horrela, arantza kentzeko aukera izan zuten iaz. «Eta berriz itzultzeko gogoz gaude», gaineratu du Gozategik. Momentuz, ordea, etxe aldetik ibiliko dira.
Gozategi 1992-2012 All Stars diskoarekin zuzenekoak eskaintzen jarraitzeko asmoa dute aurten ere. 2012ko azaroan eman zuten argitara taldearen 20 urtetako ibilbidearen bilduma, eta iaz hura aurkezteko biran ibili ondoren, aurtengo urtean ere zuzeneko aurkezpenekin jarraitzea erabaki dute. Azken finean, zabaldu dituzten hiru ikus-entzunezkoak helburu horrekin sareratu dituzte; hau da, denboraldi berriko kontzertuak lotzeko bultzada eta pizgarri bezala.
Hala eta guztiz ere, ez dituzte indar guztiak kontzertuetara bakarrik mugatuko. Asier Gozategik aurreratu duenez, taldearen sormen lanak ere aurrera darrai. «Ideia berriak ditugu, eta horrekin lanean gabiltza jada. Polita litzateke datorren urtera begira zerbait berria kaleratzea».