Ormigoia botatzen ari dira Zarauzko malekoian. Amaia Ventas
Larrialdi bilera egin da gaur goizean Zarauzko udaletxean. Bertan izan dira Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea, Mikel Goenaga Herrilan zinegotzia, Jabier Etxaburu Segurtasun zinegotzia, Zarauzko udaltzain eta ertzain buruak, herriko suhiltzaileen arduradunak, zingira boluntario taldeko ordezkaria, gurutze gorria eta DYAko ordezkariak. Bertan, orain arteko denboraleak eragindako kalteak zenbatzeaz gain, datozen orduetarako iragarri duten itsasaldiaren aurrean hartu beharreko neurriak zehaztu dituzte. Dagoeneko lanean ari dira brigadako langileak malekoian. Ormigoia botatzen ari dira zoruan eta baldosa solteak jasotzen. Horrez gain, itsas pasealekuko tabernen ate eta leihoetan egur handiak jarri dituzte, horiek babesteko.
N-634 errepidea itxi egingo dute 14:00etatik aurrera, eta bihar goizeko 10:00ak bitartean mantenduko dute horrela Zarautz eta Zumaia arteko zatian. Oinezkoentzako pasealekua ere hala dago, aurreko itsasalditik.
Malekoia ere itxi egingo da gaur arratsaldeko 15:00etan. Alerta gorria bihar desaktibatuko den arren, pasealekuak itxita jarraituko du asteazken eguerdiko 14:00ak arte. Asteazken goiza malekoia eta hondartza txukundu eta egin beharreko konponketak egiteko aprobetxatuko da. Behin hori eginda, asteazken eguerdiko 14:00etan irekiko dute berriz ere malekoia.
Bestalde, ura sartzeko arriskua izan dezaketen garajeetako jabeei ibilgailuak ateratzeko deia egin die udalak. Horretarako, garaje horiek dituzten eraikinetako administratzaileekin harremanetan jarri da udala. Horrez gain, etxebizitzen sarreretan ere bandoak jarri dituzte, egoeraren berri emanez eta ibilgailuak ateratzeko gomendatuz.