Olatu handiak Zarautzen, igandean. Lorentxo Portularrume
Alerta laranja ezarri dute gaur 16:00ak arte; ordu horretatik aurrera, berriz, gorria jarriko dute, "muturreko arriskuagatik". Biharko 09:00ak arte iraungo du horrek. Ordu horietan olatuak 9-10 metrora iritsi daitezkeela iragarri dute agentzia meteorologikoek. Mendebaldeko haizeak ere ez du atsedenik emango. 100 kilometro orduko ufadak izango dira. Hori dela eta, kostaldean arduratsu jokatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak. Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea itxita egon da, baina errei bat ireki dute orain gutxi. Luizi batek eragin du kaltea errepidean. Malekoia ere itxita dago.
Bihar arte iraungo du alerta gorriak. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak bederatzi metroko olatuak altxatuko ditu egunaren hasieran, geroz eta txikiagoak izango dira arratsalde-gau partean lau-bost metrokoak izan arte.
Asteburuan ere zakar ibili da itsasoa, marea biziak medio. Hainbat kalte eragin du horrek. Zarauzko malekoiko zenbait gune apurtu zuten olatuek igande goizaldean, Munoa azpian eta Duke Enea parean, esaterako. Itsasoa golf zelairaino iritsi zen, halaber, eta duna desagertu da.
http://youtu.be/YmUm8tKGdI8