Aurtengo zikloaren bigarren hitzaldia Paula Kasaresen eskutik iritsi zaigu “Familia euskarari iraunarazteko estrategietan” izeneko solasarekin. Bere ahots goxoaz hainbat proposamen berri egin zituen familia transmisioaren inguruan, denak ere interesgarriak entzutera bildu ginenontzat. Euskara teknikari Josune Herrartek egin du hitzaldiaren kronika: Gaia ikertzen hasi zenean paradoxa batekin egin zuen topo: aditu guztiek izugarrizko garrantzia aitortzen diotela familiari hizkuntza baten transmisioan baina, ez dela honen inguruko ikerketa lerro sistematikorik sortu, alegia. Euskal soziolinguistikak ere oso gutxi aztertu du familiaren egiteko linguistikoa, eta egin duenean ikuspegi makro kuantitatibotik egin du. Ez da sekula sakondu benetan haurrak nola bihurtzen diren hiztun familian. Azken aldian, gehixeago ukitu da gaia hizkuntzaren erabileran emozioek duten garrantzia azaleratu delako, eta horri lotuta ikerketa batzuk egin izan direlako, gehienetan herri euskaldun, txiki eta nekazari girokoetan. Euskal Herrian gaur egun dauden beste errealitate batzuei erreparatu gabe. Oro har gutxi landu den arloa izan arren, orain arte egin den guztia bildu eta sakon aztertu du Paulak. Egindako ikerketa lan mardulaz eta bere urtetako ibilbide profesionalak erakutsi dionaz baliaturik, ondorio batzuk atera eta proposamen berriak egiten ditu. Ondorio nagusia da transmisioaren kontzeptua ez dela egokia. Orain arteko lan guztiak transmisioaren kontzeptuan oinarritu dira eta kontzeptu horri hainbat gabezia ikusten dizkio Paulak. Alde [...]