Kilometroak 2014 Kirol Erronka jokatuko da martxoaren 8an Orion

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 28a

Ezkerretik hasita: Kilometroak 2014ko koordinatzaile Joseba Orella eta Hossain Kaanache, Sarai Lizaso eta Iñigo Mujika kirolariak. (Egilea: Aiora Larrañaga) Martxoaren 8an Kilometroak 2014 Kirol Erronka jokatuko da Orioko plazan. Orio, Tolosa, Usurbil eta Zarauzko goi mailako kirolariak elkarren aurka lehiatuko dira taldetan banatuta, Abraham Olano, Jon Unanue, Hossain Kaanache, Maider Gaztañaga edota Iñigo Mujika izango dira besteak beste parte-hartzaileen artean. Igerian, bizikletan, hergometroan eta korrika ariko dira kirolariak eta ikuskizuna ziurtatuta izango da. Iaz Tolosak Kilometroak 2013ren baitan sortu zuten Erronka ekimena eta Hossain Kaanache kirolariak duela sei urte ingurua herritarrengana kirolarekiko zaletasuna sustatzeko asmoa antolatu zuen Kirol Erronka ekimena uztartu nahi izan dituzte aurten. "Izenean bat egiteaz gain, filosofia oso antzekoa dute bi ekimenek". Kirola herritarrengana hurbiltzea eta gaztetxoen artean aisialdirako alternatiba modura azaltzea baita nahia. Martxoaren 8an goizean goizetik hasiko da ekimena. 09:30ean kirolarien aurkezpena egingo dute eta 10:00etan hasiko da ikuskizuna. Proba bakoitzak 15 minutukoa izango da gehienez. "Ez da errelebotako proba izango. Proba bat amaitzen denean esaterako, atsedenalditxoa egin eta hurrengoari emango diogu hasiera. Amaieran denbora guztiak gehituko ditugu eta proba sorta osatzeko denbora gutxien behar izan duenak irabaziko du" azaldu dute antolatzaileek. Proba hori bukatzen dutenean kirol erronkan parte hartu duen kirolariek eta ikasleek Mosaiko proba egingo dute, memorizazio proba izango da hain zuzen ere. "Ikasleentzat berezia da mosaikoen proban goi mailako kirolariekin jokatzea" azaldu dute antolatzaileek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide