Juan Mari Aldai Aiako Mendi Lasterketako antolatzailea (Nerea Uranga)
Mendi ingurua ederki ezagutzen du Juan Mari Aldaik (Aia, 1969) eta horregatik jo zuten berarengana Aiako Mendi Lasterketa antolatzeko orduan. Igandean hirugarren aldiz jokatuko da lasterketa eta probaren nondik norakoez aritu da aiarra.
Egun gutxi falta dira lasterketa egunerako. Dena prest al duzue?
Urtero bezala ibilbidearen balizatzea larunbatean egingo dugu, eta atzo egin genuen azken bilera. Sariak eta anoaguneak zehaztu ditugu eta boluntario taldea antolatu dugu. Mendi lasterketa bat antolatzeko boluntario ugari behar izaten da; mendi aldean eta puntu gatazkatsuetan antolakuntza taldeko jendea jartzea gustatzen zaigu. Mendi inguruan esaterako hogei lagunetik gora behar ditugu. Boluntario askoren laguntzari esker antolatzen dugu Aiako Mendi Lasterketa.
Aurreko edizioekin konparatuta berrikuntzarik izango al da?
Iazkoaren oso antzekoa izango da ibilbidea. Iaz, Murubiletik behera, harrizko pista batetik jaitsi ziren parte hartzaileak eta batzuei gogorra egin zitzaien. Horregatik aldatzea erabaki dugu; Zarauzko bidea esaten diogunetik igaroko dira aurten. Bestetik, lasterketaren amaiera herrian egin berri duten pasealekutik barrena igaroko da. Beste urtetan bezala Aian giro ederra izatea espero dugu, eta inguruko herritarrak lasterketan parte-hartzera edo bertatik bertara ikustera gonbidatu nahi ditugu.
Horrelako probetan eguraldiak ere izango du zeresanik ezta?
Iganderako eguraldi hezea eman dute, baina ez dute egun euritsua izango denik iragarri. Beti askoz politagoa da mendi lasterketa batean eguraldi polita izatea, baina euria egiten badu ere ez dut uste arazo gehiegirik sortuko denik. Basoan badaude zati batzuk bustitzen direnean irristakorrak izan daitezkeenak. Puntu horietan boluntarioak jarriko ditugu, norbait erortzen bada ere parte-hartzaileei laguntzeko. Gainera, horrelakoetarako Gurutze Gorrikoak ere oso ondo prestatuta etortzen dira.
Zer nolako harrera izan du probak?
Aurten momentuz 108 lagunek eman dute izena, eta egunean bertan ere horretarako aukera izango da; mendi lasterketak ezagutu nahi dituztenak, nahiz mota horretako probetan esperientzia dutenak, denak izango dira ongi-etorriak Aiara. Gu oso gustura gaude oro har lasterkertak izan duen harrerarekin eta etorkizunari begira horrela jarraitzea da gure asmoa. Gure helburua parte-hartzaileak eta proba ikustera etortzen direnak gustura geratzea da.