Zarautzen egun osoz aparkatu nahi dutenek gutxiago ordaindu beharko dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 28a

Zarauzko Udalak parte hartze prozesua abiatu zuen azaroan udan TAO sisteman egindako aldaketek herritarren aldetik zein erantzun jaso duen ezagutzeko. Prozesu hori «oso eraginkorra» izan dela nabarmendu du Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotziak, eta bertan parte-hartzaileek egindako proposamenak jaso dituzte. Horietan oinarrituta, zenbait aldaketa egingo ditu udalak aparkalekuen sistemaren inguruko araudian. Herenegungo udalbatzarrean bozkatu zuten horren inguruan eta gehiengoz onartu zuten behin-behinean aldaketa horiek egitea. Bildu, Aralar, PP eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, EAJ abstenitu egin zen eta Ezker Anitzak kontra egin zuen. Askotarikoak dira proposatutako aldaketak. Batetik, Zarautzen zirkulazio baimena dutenek 13:00etatik 16:30era doan aparkatzeko aukera izango dutela adostu zuten. Salbuespen batekin: hori ez dute ezarriko errotazio altuko guneetan. Bestetik, autoa Salberdineko aparkalekuan egun osoan uzteko aukera izango da. Moilarri eta Lizardi kaleen arteko zatian, Nafarroa kaletik iparralderako gunean, gehienez lau orduz aparkatzeko aukera egongo da aldaketok behin betikoz onartuz gero. Era berean, Lehen guneko lehen sektorean (Zarauzko Alde Zaharra) aparkatzeko txartela dutenek eremu horretako hirugarren sektorean (Azken Portu Goia) ere autoa utzi ahalko dute. Horrekin batera, Vista Alegreko Urkidi kalean dagoen bisitarientzako gunean egun osoan aparkatu ahalko dute egoiliarrek. Halaber, aparkatze luzeetarako gune bat sortuko dute Herrikosoro kalean, prezio egokitu batean. Lan kontuengatik herriko gune askotan aparkatu behar izaten dutenek ere izango dute abantaila. Hain zuzen, txartel berezia eskatu ahalko dute horiek, herri osoan aparkatu ahal izateko, beti ere 19:00ak bitartean. Bestalde, herrian aparkatu nahi dutenek orain arte baino prezio murritzagoa ordainduko dute. Vista Alegren, galdeketa Bisitariek herrian autoa utzi ahal izateko txartel sistema berria izango dute. Alde batetik, pentsio, hotel edota antzerako ostatuek txartel bereziak eskuratuko dituzte, bezeroek prezio egokitu batean herrian aparkatu dezaten. Jabeek beren beharraren arabera txartel gehiago erosi ahalko dituzte. Ostalariei eta merkatariei ere emango zaizkie txartel bereziak, euren establezimenduetara joaten direnek inguruan aparkatzea merkeago izan dezaten. Zarauzko etxeren batera bisitan etortzen direnek ere prezio egokitu batean aparkatu ahalko dute txartel horiei esker. Vista Alegreko bizilagunei auzoko aparkalekuen inguruan galdetzeko asmoa du Zarauzko Udalak. Izan ere, bertako aparkaleku guztiak egoiliarrentzat soilik izan daitezen proposatu du erakundeak, pasa den udan egin zuten moduan. Horretarako, inkesta moduko bat egingo dute auzotarrek gaiari buruz duten iritzia jasotzeko. Jakinarazi dute, hasieran proposatu zuten TAO sistema berriak zalantza «logikoak» eragin zizkiola herritar bat baino gehiagori. Urtebete pasatutakoan herritarrei sistemari buruzko iritzia galdetzeko konpromisoa hartu zuen orduan udalak. Goenagak adierazi du auzoz auzo sistemak dituen gabezia eta arazoak identifikatu ondoren, «kasu bakoitza zuzentze bidean eman beharreko pausoak» argitzen lagundu duela parte hartze prozesuak. «Herritarren eta alderdien parte hartzearekin egin diren aldaketekin, TAO sistema egonkortuta uzteko bidean gaude», gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide