Bilduk "gaiztakeriaz" jokatu eta sustapen ekonomikoko partidaren erabilera datuak manipulatzea egotzi dio EAJri

Olatz Prat 2014ko otsailaren 27a

Azpeitiko Bilduk EAJk aste honetan egindako kritikari erantzun dio. EAJk salatu duenez, 2013ko sustapen ekonomikorako diru-partidaren %26a soilik erabili zen iaz, Bilduk "gainerakoa kudeatzeko gaitasunik izan ez" duelakoan. Gaur goizean Manuel Unanue Ogasun eta Kontuen batzordeburuak eta Iñaki Portilla Industia, Merkataritza, Turismoa eta Baserrien batzordeburuak prentsaurrean erantzun diote salaketa horri, esanez, "EAJ arduragabe jokatzen ari" dela azkenaldian, eta "orain ere datuak manipulatu" dituela. Kontua da, EAJk adierazitako %26a, 182.594 euro, sustapen ekonomikorako partida osoaren (700.000 euro) atal bati dagokiona dela, enpelgua sustatzeko diru-laguntzen partidari dagokiona, hain zuzen. Honakoak dira, Unanuek azaldu dituenez, iazko atal bakoitzaren partidetatik gastatu dena, Sustapen Ekonomikorako partida orokorrean biltzen direnak: Garapen agentziak:
  • Iraurgi Berritzen: 199.037 euro
  • Eskualdeko plana: 52.532 euro
  • Lanpostu berrientzako: 130.000 euro
Formazioa:
  • Garapen komunitariorako formazioa: 61.197 euro
Udal laguntza zuzenak:
  • Enplegua sustatzeko diru-laguntzak: 182.594 euro
Guztira: 625.362 euro Enplegua sustatzeko diru-laguntzei dagokionez, 350.000 euroko partidatik 182.594 euro erabili dira aurten, izan ere, eskatu ahala banatu dira laguntzak eta ez dira dena erabiltzeko adina eskaera egin. Hori dela eta, atal horretan erabili gabe gelditu den dirua 2014ko partidari gehitu zaiola adierazi dute batzordeburuek. Datuak mahai gainean jarrita, Bilduk "bi irakurketa posible" dituela adierazi du: "lehena da pentsatzea EAJk ez dakiela partidak nolakoak diren, eta bestea da gaiztakeriaz jokatzen ari direla pentsatzea; eta bigarren aukera delakoan gaude", adierazi du Unanuek, "datuak publikoak baitira". Unanuek "negargarritzat" jo du EAJren oharra, "are gehiago Azpeitiak bizi duen egoera latza ikusita. Portillak gaineratu du, EAJk badakiela "Udala zer nolako ahalegina egiten ari den sustapen ekonomikoan, horretara dirua bideratzeko, beste atal batzuetatik kendu behar baita dirua". "11 gara liberatuak" Bestetik, EAJk azken udalbatzarrean egin bezala, aste honetako oharrean ere gogor hitz egin du Bilduko liberatuen inguruan. Alkateari eta "liberatutako bost zinegotziei pilak jartzeko" eskatu zien EAJk. Gaur Bilduko ordezkariek argitu dutenez, "gu 11 liberatu gara, liberatu sentitzen garelako, baina kobratu horietatik 3,4k egiten dute", argudiatuz. "Autokritikoak gara eta badakigu ez garela denera iristen—adierazi du Portillak—, eta gehiago egiterik badagoela, baina ikusi beharko da beraiek ere zer egiten duten, guk ere beste eragileen elkarlana eskatzen dugu". Gaineratu duenez, "ahaztu egin zaie eragile garrantzitsuena: Eusko Jaurlaritza". Gogorarazi dute Udalak ez duela eskumenik gai honetan egin dutena baino gehiago egiteko eta zenbait erabaki hartzeko. Horren aurrean, galdera eurentzan honakoa da: "Non dago EAJ-PNVren esku dagoen Jaurlaritza? Noizko Urola bailararako plan industriala?". Bileretan eta negozioazioetan "bidelagun" izan dituzten EAJkoak, bilera eta udalbatzarretan "dena ontzat eman ondoren, horrelako oharretan ikuskari lana" egitea gaitzetsi du Bilduk, "kritikatze hutsa delako, inolako ekarpenik egin gabe".  Horregatik, "kritika soiletik ekarpenera" pasatzeko dei egin diete EAJri, "Azpeitiko EAJk ateak zabalik ditu, denok batera Azpeitia aurrera ateratzeko unea dela usten baitugu, horretarako edozein ekarpen egokia ikusten dugu. Zain geratzen gara", adierazi dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide