Aldundiaren Urola Erdiko 7 proiektuak zehazteko batzordeak eratuko dituzte

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 27a

Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetzazko aurrekontuen iazko balorazioa egin eta aurtengo prozesuaren berri eman zuen herenegun iluntzean, Azkoitiko Elkargunean. Bailara mailako batzarra egin zuten, eta Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako hainbat herritarrez gain, bost udaletako alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu Helena Franco, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralar, Bildu eta EAJko ordezkariak izan ziren. Aldundiak 500.000 euro jarri zituen iaz bailarako herritarren esku, eta eurek erabaki zituzten honako proiektuak egitea: mendietako bidezidorrak txukundu (110.000 euro); burujabetza energetikoaren plana egin (65.000 euro); Errezilen, Beizaman eta Zestoan ume eta gazteen parte-hartze programa osatu (45.000 euro); oroimen historikoa landu (22.000 euro); eskualdeko historia berreskuratzeko plana egin (30.000 euro); baserri bideak konpondu (150.000 euro), eta Lasao-Zestoako trenbidea egokitu (78.000). 2014ko foru aurrekontuak onartuta, zazpi proiektuak gauzatuko dituzte aurten, eta horiek zehaztu eta jarraitzeko batzorde irekiak sortuko dituzte. Martxoan zehar hamar batzorde osatuko dituzte, eta horien deialdiak datozen egunetan egingo dituzte. Proiektu bakoitzak batzorde bat izango du, eta baserri bideak konpontzeko proiektuak lau batzorde izango ditu; Beizamakoa, Errezilgoa, Azkoitikoa eta Azpeitikoa. Hiru herrietako ume eta gazteen parte-hartze progamari dagokion batzordea, berriz, kontratazioak egiten direnean sortuko dute. Horrez gain, Errezilen baserri bideak konpontzeko batzordea martxoaren 5ean osatuko dutela aurreratu dute, 21:00etan, kultur etxean. Taldeak «autonomia» izango du, eta «adostasunez» hartuko dituzte erabakiak. Iazkoa amaituta, aurten ere prozesuarekin jarraituko du aldundiak; «emaitza oso positiboa izan da, baina ez gara horretan geratuko». Hala, Gipuzkoako lau eskualdetara zabalduko dute iaz hasitako egitasmo pilotua, eta Urola Erdian ez ezik, Tolosaldean, Bidasoan eta Oarsoaldean abiatuko dute prozesua; guztira bi milioi euro jarriko dituzte herritarren esku. Besteek bezala, 500.000 euro izango ditu Urola Erdiak. Urrirako amaituta Arduradunak jakitun dira iaz «korrika eta presaka» egin zutela prozesua, eta beraz, aurten lehenago hasiko dute. Hurrengo hilean abiatuko dute; martxoan eta apirilean herritarrek banakako proposamenak egiteko aukera izango dute, Internetez eta herrietan jarriko dituzten bilketa guneen bidez. Apirilean eta maiatzean saioak egingo dituzte herriz herri; gainera, aurreratu dutenez, iaz ez bezala, saio bat baino gehiago egingo dituzte bakoitzean. Saio horietatik sortuko da, iaz bezala, talde sustatzailea. Maiatzean eskualdeko batzarrak hasiko dituzte, eta handik ateratako proposamenen azterketa teknikoa egingo du aldundiak. Aurrera ateratzen diren proiektuak irailean aurkeztea aurreikusten dute. Aldundiak adierazi duenez, aurrekontu proiektuak urrirako egon behar du osatuta, eta beraz, ordurako behin betiko proposamenak zehaztuta edukitzeko asmoa dute; iaz, denbora faltaren ondorioz, emendakin gisa sartu zituzten zazpi proiektuak, eta Batzar Nagusiek onartu zituzten; aurten, aldundiak berak onartzea da asmoa. Kultura sortu nahian Iazko ekitaldiaren balorazioa ere egin dute; Francoren arabera, «arrakastatsua» izan zen iazkoa, herritarrek «inplikazio gaitasuna» erakutsi zutelako, eta «interesa» agertu zutelako dirua zertan gastatu erabakitzeko. «Emaitzekin ez ezik, gustura gara prozesuak eman duenarekin». Arduradun politiko guztiek goraipatu dute prozesua, eta Garitanok azpimarratu du aldundiaren «apostu sendoenetako bat» izan dela; politika egiteko «modu berrietara jo» nahi dutela berretsi du. «Politikoak kontrolatzeko eta zerbitzari publikoak garela frogatzeko tresna bat da», esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, bost alkateen izenean. Aldundiak aitortu du jakitun direla «hutsuneak» daudela parte hartzean, eta horri aurre egiteko, «kolektibo bereziekin» aparteko saiakera egiteko prest dira; «gazteen parte hartzea urria da, eta horiei zuzendutako saio bereziak nahi ditugu egin». Garitanoren ustez, halako ekimenetan «kultura falta» dago egun; «hau hastapen bat da, eta lana poliki-poliki egingo dugu. Herritarrak konprometitzen badira, eta kultura hedatuta badago, bide horretatik jarraituko dute alde guztiek». Hala, prozesuan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Herritarrek ere euren esperientziak eta kezkak kontatzeko aukera izan zuten; besteak beste, proposamenen inguruko bikoiztasunak saihesteko, erakundeek koordinatuta egon behar dutela eskatu zuen batek. Proiektuak martxan jartzerakoan, berriz, «malgutasuna» ere eskatu zuten; «auzolanaren bidez, kasu, diru kopuru berarekin gauza gehiago egin daitezke, eta hori ere kontuan hartzekoa da». Herritar batek kezka agertu zuen proiektuen inguruan; «zalantzak ditut egingo diren ala ez».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide