Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ruben Iglesias (Orio, 1977) filosofo eta Orioko Curriculum taldeko kideak LOMCE legea izango du hizpide gaur arratsaldean Orion. Bere iritziz, «norbanakoek Euskal Desobedientzia Subiranista egin behar dute» legeari aurre egiteko.
Zer ondorio izango du LOMCE legeak haurren hezkuntzan?
LOMCEk gutxienez berrogehi urteko atzerapena ekarriko du hezkuntza sistemara. PPk egingo duen aldaketa guztiz ideologikoa da; bere nahi politikoa betetzeko prestatutako hezkuntza sistema da. Azken batean, hezkuntza sistema klasista bat sortuko du, ikasle onak bakarrik aterako dira aurrera eta horren onak ez direnak atzean utziko ditu. Era berean, lege antidemokratikoa da, PP ezik beste talde guztiak eta oro har gizartea legearen aurka dagoelako. Bestetik, orain arte hezkuntza kontseiluek zuten ikastetxe bakoitzaren hezkuntza lerroa finkatzeko ardura, eta orain zuzendariak izango du eskumen hori guztia. Zuzendaria, gainera, administrazioak aukeratuko du.
Euskal Herriari bereziki erasoko al dio?
Euskal Herriari dagokionez, badu osagai politiko bat. Gure kulturari eta hezkuntzari ere eraso egingo dio; Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek aitortu zuen, legearen helburu bat ikasleak «espainiartzea» zela.
Legea onartuta dago. Datorren ikasturtean aplikatuko al da?
Legea onartuta dago eta Espainiako Hezkuntza Sailaren asmoa datorren ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntzako 1-3 eta 5. mailan eta Lanbide Heziketan aplikatzea da. Horretaz gain, datorren bi urteetan progresiboki LHn, DBHn eta Batxilergoan aplikatzen joango da. Denboraz ez dabiltza oso ondo, baina Wertek adierazi du datorren ikasturtean ezarriko dela legea.
Hemengo hezkuntza sistemak edo ikastetxeek ba al dute LOMCE legetik ihes egiteko biderik?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta Heziberri programa jarri du indarrean LOMCEri aurre egiteko. Dena dela, esan du legea aplikatu egingo duela. Horregatik, guk hitzaldian proposatuko dugu euskal desobedientzia subiranista egin behar dugula. Legea inposatu egingo digute, antidemokratikoa eta injustoa da, eta uste dugu norbanako bakoitzak erantzun behar duela horren aurreran, erakundeek edo alderdi politikoek esaten dutenaren zain egon gabe. Ikasle, guraso, irakasle eta, oro har, herritarrek hezkuntza geure gain hartu behar dugu, eta legeari desobedientzia egiten hasi behar dugu. Hitzaldian desobedientzia egiteko neurri zehatz batzuk proposatuko ditugu.
Espainiako Gobernuak sortu duen hezkuntza sistema homogeneizatzailea da. Orioko Curriculuma proiektuak, berriz, tokian tokiko ezagutza zabaltzea du oinarri. Kontrako plateamendua dute biek, ezta?
Hezkuntza ulertzeko ikuspegi guztiz aurkakoa dugu. Gure iritziz, konstruktibismoari jarraituz ikasleek geure ingurune hurbila ikasi behar dute, eta hortik abiatuta bestelako ezagutzak barneratu. Orioko Curriculuma sortzeko prozesua hortik dator, ikasleek beren herria zer den eta nondik datorren ezagutu eta mailaz maila ezagutza Euskal Herrira, Europara eta mundura zabaltzea da helburua. Munduan martxan diren bestelako hezkuntza sistemak horrela daude egituratuta, ez dugu sistema berririk proposatzen. Europan emaitza oso onak ematen dituzten sistemek bide hori jorratzen dute. Espainiako Gobernuak, berriz, Korea bezalako herrialdeetan martxan dagoen bikaintasunaren eredua ezarri nahi du; bikaintasun hori, ordea, oso gutxik lortuko dute.