Azpeitiko EAJk salatu duenez, 2013 sustapen ekonomikorako diru-partidaren %26 soilik erabili da

Olatz Prat 2014ko otsailaren 26a

Azpeitiko EAJko udal taldeak bere «kezka larria» agertu du ekonomia sustatzeko 2013an jarri ziren diru sailei dagokionez, ekonomiaren sustapenerako aurreikusi zen kopuruaren «%26 bakarrik» erabili baitziren iaz. «Aurreikusitako 700.000 euroren eta erabili diren 182.594 euroen arteko kenketa erraz bat egiteak adierazten digu 517.406 euroko diru-poltsa dagoela inbertitu gabe». Balantze horren aurrean, EAJk argi du: «Gobernu taldeak ezin du  besoak gurutzatuta jarraitu». EAJko bozeramale Aitor Gorrotxategik adierazi duenez, «ez da nahikoa esatea 2014an beste 900.000 euro erabiliko direla ekonomia sustatzeko, horren ondoren ez badago zehaztutako plan bat». Alkateak eta liberatutako bost zinegotziek «pilak jarri behar» dituztela gaineratu du, «ekintzaileen proiektu berrien proposamenak eta eskariak beren mahai gainera iristeko zain egon gabe». 2013ko emaitza «pobreak» 2014an «ezin dira errepikatu», nabarmendu du. Honenbestez, berretsi du Azpeitiaren suspertze ekonomikoak izan behar duela udalaren «lehentasun osoa eta erabatekoa». Ohartarazi du laguntzak eskatuz proiektuak aurkeztea azkeneko urratsa izaten dela, baina horren aurretik egin beharreko lan handia dagoela: «Kontaktuak modu zuzenean landu behar dira; ondo dago aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkartzea, baina ekintzaileen sektorearekin ere harreman arin eta azkarra eraiki behar da». Gaineratu duenez, «ezin da ahaztu ekintzaileak direla enpresak sortu eta altxatzen dituztenak». Plan baten beharra Alkateari eta bere taldeari plan estrategiko bat egiteko «konbentzimendu-gaitasun guztiak» aktibatzeko eskatu dio, «erakunde ekintzaileekin eta komertzialekin izan beharreko harreman eta elkarrizketa zuzenak aurreikusiko dituena, hala nola Adegirekin, Gipuzkoako Ganberarekin, Elkargirekin nahiz finantza erakundeekin, beraien egoitzetara joanda, jarduera ildo hauen berri eman eta horien gaineko informazioa izan dezaten». Era berean, «Azpeitiak ezin du dozenaka mila euroko diru saila jarri jarduera ekonomikoa sustatzeko, eta gero errealitate triste bat aurkitu, Bilduk partida horren %74 kudeatzeko gaitasunik ez izatea, alegia, eta hor gelditu dela ikustea, erabili gabe, udalaren diru-poltsan». EAJk adierazi du 2014rako beste 900.000 euroko partida izateak ez duela esan nahi «sinatutako txeke zuria» emango diotenik Bilduri. «Egitasmoen eta jardueren egutegi bat eskatuko dugu, zergadun guztion diruak Azpeitian ekintzailetasuna eta merkataritza-jarduera bultzatzeko izan daitezen». Azkenik, Gorrotxategik azpimarratu du «aurrekontuko diru sailaz gain, gobernu taldeak sinesgarritasuna eta elkarrizketa gaitasuna» izan behar dituela, «Azpeitiaren aldeko apustua egiteko prest dauden ekintzaile berriak erakartzeko». «Zerutik mara-mara erortzen zen garaiak» atzean gelditu direla eta «aukeren bila atera beharra» dagoela uste du: «Ez da nahikoa aurrekontuak iragartzea; egiten ere hasi egin behar da», nabarmendu du Gorrotxategik.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide