Iñigo Ugarteburu: "Kontzertua eta diskoa bi formatu ezberdin bezala ulertzen ditut"

Aritz Mutiozabal 2014ko otsailaren 26a

Iñigo Ugarteburu (Inge Clemente). Bakarkako debuta egin eta urtebetera, Iñigo Ugarteburuk (Zarautz, 1979) bigarren lana kaleratu zuen urrian For the Unknown (Foehn) izenburupean. Honetan ere musikari talde handia bildu du, diskoa behar bezala janzteko; hau da, Miradas, Dicen, Tomodachi eta Homing abestiak grabatzeko. Asteburu honetan hasi eta martxoan zehar, Ingalaterrako bizilekua utzi eta Euskal Herrian nahiz Espainian zehar ariko da. Nor da For the unknown izenburuan aipagai duzun ezezagun hori? Chicagora (AEB) diskoa grabatzera bidaiatu nuenean, ez nekien zein musikarik bukatuko zuten diskoan jotzen, bizipen hark nola eragingo zuen lanean, ezta zer-nolako forma hartzen bukatuko zuten abestiek ere. Hortik dator diskoaren izenburua. Estudiora sartu nintzenean aldaketak egitera irekita egon behar nuen, diskoan parte hartu zuten musikarien esku nengoelako. Izan ere, konfirmatuta neuzkan partaide bakarrak Joshua Abrams kontrabaxu-jotzailea eta Todd A. Carter soinu-teknikaria ziren. Lau abestik osatzen dute zure lan berria. Lau baino ez dira, baina iraupen luzekoak; 7 eta 15 minutukoak. Konposatzerakoan abestiei beren bidea egiten utzi al diezu? Abestien iraupenari arreta berezirik eman ez arren, egia da binilo formatuan pentsatuz egiten dudala lan. Hain zuzen ere, biniloaren aurpegi bakoitzak ezin du 20 minutu inguru baino gehiago iraun; bestela, doinuaren kalitatea ahultzen hasten da. Abesti berrietan Back&Forth lehen diskoan baino sonoritate delikatuagoak, pausatuagoak eta sosegatuak nabari dira. Helburuak zertxobait aldatu egin ditut bigarren diskoa prestatzerakoan. Hala ere, Back&Forth-en erabilitako estudioko lan metodo bera errepikatu nahi nuen, eta, beste behin ere, hainbat musikariren elkarlanaz gozatu. Dena dela, For the Unknown diskoko abestiei Back&Forth-en baino espazio zabalagoa eman nahi nien, eta soinu hauskorragoa izan zezaten bilatu dut. Askotan, zenbat eta musika tresna gutxiago izan, orduan eta leunago egin behar duzu lan konposatzerakoan eta nahasterakoan, eta kasu honetan modu horretan egin dugu lan diskoan. Diskoa urrian argitaratu zenuen, baina irailean jada Dicen aurkezpen abestiak argia ikusi zuen. Nolako harrera izan du abesti horrek eta, oro har, diskoak? Oso gustura nago single-ak eta diskoak eduki duen onespenarekin. Iruzkin oso ederrak eta aberasgarriak jaso ditu lagunen eta ezezagunen eskutik, eta hori beti da alaitzeko motiboa. Diskoaren laugarren eta azken abestiak Homing izena du, eta Xabi Iriondoren izen bereko film laburrean soinu-banda bezala erabili duzu (etzi aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa Zarautzen,  Modelo aretoan). For the Unknown-eko Homing abestiaren jatorria Xabier Iriondoren pelikula baldin bazen ere, diskoan jaso dudan pieza ez dago soinu-bandan entzungai. Nolanahi ere, Homing izenburua mantentzea erabaki nuen, proiektu horrek bultzatu ninduelako konposatzera azken finean. Nola sortu zen ideia? Iriondo lagun mina dut, eta elkarrekin aritu gara Cafe Teatro eta Carcascara taldeetan. Urteak generamatzan Marina Mascarell koreografoarekin dantzari buruzko film bat egiteko ideiarekin bueltaka, eta Filmotive ekoizpen etxeko Iñaki Sagastumeri esker, proiektua gauzatu ahal izan dugu. Lehen aldia izan da halako proiektu batean parte hartu dudana, eta esperientzia oso interesgarria izan da. Etorkizunean halako aukera gehiago izatea espero dut. Adierazi duzun bezala, Chicagon (AEB) grabatu duzu. Zergatik erabaki zenuen  hara jotzea? Cafe Teatro taldean nenbilen garaitik ezagutzen dut Todd A. Carter; harekin grabatu genuen Burga diskoa. Back&Forth aurreko lana bidali nion, eta berak Chicagora bidaiatu eta berekin grabatzeko proposamena egin zidan. Disko bakoitza esperientzia berri bezala planteatu ohi dut, eta aukera hori ezin nuen galdu. Diskoan musikari ugarik hartu dute parte. Martxoan egitekoa zaren aurkezpen biran haiekin kontatuko al duzu agertoki gainean? Zuzeneko emanaldia eta estudioko diskoa bi formatu eta esperientzia ezberdin bezala ulertzen ditut. Hori horrela, formatu bakoitza modu independentean planteatzea eta lantzea dut gustuko. Diskoan hainbat musikariren laguntza izaten dudan bezala, kontzertuetan bakarka aritzen naiz, baina beste musikari batzuen musika biniloan jartzen dut, eta hori izaten dut lagungarri. Birari heltzeko gogotsu al zaude? Oso gogotsu nago, bai. Ez dut zuzenean jotzeko aukera askorik izaten, eta oso gustura nago bira Euskal Herrian abiaraziko dudalako. Aurkezpenez beteriko astea izango da: etzi Modelon izango gara Homing filmarekin, eta jarraian zortzi kontzertu eskainiko ditut, larunbatean Xixonen hasi eta Bartzelonan bukatuko dena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide