Madalenako Ospitalearen eraberritze lanak amaitzear dira.
Ezin omen da zehazki jakin noiz jarri zen Madalenako Ospitalearen lehen harria, ezta nork jarri zuen ere; 1500 ingurukoa dela jasotzen dute liburuek. Eta jasotzen dute, era berean, famatua egin dela ospitale hau Inazio Deunak hiru hilabete pasa zituelako bertan sendatzen. «Esaten denez, —idatzi zuen Imanol Eliasek Azpeitia Historian Zehar liburuan— 1535eko apirilaren ostiral batez iritsi zen bertara, arratsaldeko bostak aldera eta bertatik irtengo zen uztailaren azkenean».
Bostehun urteko historiaren ostean, zutik jarraitzen du ospitaleak, horma eta teilatu berriei esker; zutik Inazioren atsedenaren lekuko zen gotiko estiloko leiho txikiak ere.
Iazko martxoan hasi zituzten lanak jesulagunek. Lanen arduradun Jose Manuel Añon jesulagunak gogoratu duenez, «duela 8 urte teilatua konpondu zen, barrua suntsitu ez zedin». 1900. urte inguruan bizi izan ziren bertan azken bizilagunak, etxeberriatarrak, eta hutsik zegoen ordutik eraikina. Herritar batzuen laguntzarekin Loiolako Lanen Batzordeak erosi zuen eraikina, eta jesulagunen esku gelditu zen gero. Hala, Anton Lopez Aberasturi arkitektoak eta haren aparejadore Sabino Ruiz Madinak garai hartako ospitaleak nolakoak ote ziren aztertu zuten. «Proiektua egin zuten eta, aurrekontuari aurre egitea posible zela ikusita, eraberritzeko erabakia hartu genuen», azaldu du Añonek.
Urtebeteko lanen ostean, amaitzear da eraberritze prozesua. Uste baino luzeago joan da; euriak ez du askorik lagundu eta, horretaz gain, «eraberritzeko lan hauek poliki-poliki eta kontu handiz egin behar izaten baitira, artisautza lanak dira azken finean», Añonen hitzetan.
Haritzez egindako sabaia ederrak ditu ospitale berrituak.
Agerikoa da sabaiak, habeak nahiz eskailerak artisautza lana direla, haritz ederrez eginiko egitura baita, hormetako harri sendoz eta zahar itxurako baldosez egoki jantzia.
Historia ezagutzeko lekua
Inazio Deunaren izaera eta haren bizitzaren hainbat pasarte ezagutarazteko interpretazio zentro bat egingo dute Madalenan, lanak amaitutakoan. Hiru solairu ditu etxeak. Beheko solairuan «Inazioren txiro eta gaixoenganako sentsibilitatea jesulagunek nola jarraitu duten erakusteko instalazio bat egingo da; haren bizitza eta ondorenak ulertzeko eta ikusteko gakoak emango dira», azaldu du Añonek.
Lehen solairuan, berriz, garai bateko ospitaleak nolakoak ziren erakutsiko da. «Leiho berezi horren ingurua Inazio egon izan zen txoko bezala mantendu izan du tradizioak; kaperatxo bat egon izan da beti hor, hala mantendu izan zuten beti hemen bizi izan ziren familiek eta orain ere hala izango da», dio Añonek, «otoitz lekua izango da hori».
Gotiko estiloko lehiotxoaren ondoan egon zen Loiolako Inazio Madalenan egon zen epealdian.
Sabaia ikusgarria eta buelta osoan leihoak dituen ganbara argitsu eta goxoa, aretoa izango da, hitzaldiak antolatu edo ikusentzunezkoak eskaintzeko.
Añonek dioenez, «ez da beste munduko ezer izango, baina, erakutsi nahi dugu zein den leku honen esanahia, zergatik egon zen Loiolako Inazio bertan eta nola lotzen den hori bere espiritualtasunarekin».
Inazio Bidea egiten dutenek Inazioren jaioterria ezagutzeko eskaintza diseinatu nahi da. Hala, Madalenako Ospitalea, Soreasuko Sebastianen Parrokia, Olazko baseliza eta Loiolako Santutegia lotuko dituen bisitaldiak antolatzeko asmoa dute.
Pobreen ondoan nahiago
Zazpi urtez Parisen bizi eta han ikas zitekeen guztia ikasita, Inazio eta bere sei jarraitzaileek, Xabierko Frantziskok besteak beste, Jesusen Konpainia eratu eta Erromarantz abiatu ziren, Pablo III.a aita santuaren agindupean jartzeko. Baina, zeramaten bizimodu eskasaren ondorioz, gaixotu egin zen Inazio. Urdaileko min larriak zituen, eta jaioterrira itzuli zen sendatzera.
Madalenako ospitalea eraberritu aurretik. LEON ALEMAN / 'AZPEITIA IRUDITAN' LIBURUTIK
Ez zuen bere jaiotetxera, Loiolako jauregira itzuli nahi izan, ordea. «Loiolatarrak jauntxoak ziren garai hartan—azaldu du Añonek— eta nahiago izan zuen ospitalean gelditu, pobreekin. Hori zen bere estiloa. Hemen egon zen garaian lehendik ezagutzen zuen jendeari berak urteetan bizitako esperientzia erlijiosoa kontatzen aritu zen. Madalenako baseliza pulpitutzat hartu eta astean hirutan sermoiak ematen zituen. Gainontzeko egunetan baserriz baserri ibiltzen zen, ospitaleko gaixoentzako eta pobreen- tzako janari eske».
Hiru hilabetez Azpeitian egon ostean, guztiz osatuta, Veneziaruntz abiatu zen, eta bere ikaskideekin eta lagunekin batera apaiztu zen 1537ko ekainaren 24an.