TSko jabeak iraintzea egotzita, ikerketa bat abiatu du Ertzaintzak

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 26a

TSko langileak, aurreko asteko manifestazioan. (Ane Olaizola/Hitza) TS Fundiciones enpresako auzian tentsioa goraka doa; Zestoako enpresako akziodunek salaketak jarri dituzte hainbat langile eta horien senideen aurka, jabeak iraindu dituztelakoan. Hala, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, eta hainbat lagun deklaratzera deitu ditu Zarauzko Ertzain-etxera. Ertzaintzaren arabera, dagoeneko sei lagunek deklaratu dute, eta ikerketak aurrera jarraitzen du. Facebook sare sozialean langileek irekitako kontu batean egindako ustezko irainen eraginez jarri dute salaketa akziodunek. Langileen enpresa batzordeko kide baten arabera, guztira 18 pertsona daude deklaratzera deituta; langileak eta horien senideak. Zigor ekonomikoak jaso ditzakete horiek. Auzi berri honek «haserrea» eragin du langileen artean. Jaurlaritzari, babes eske Bestetik, enpresaren itxieraren aurrean, langileek giza kate bat egingo dute gaur; 11:00etan elkartuko dira enpresa aurrean, eta Zumaiara bideko errepidean egingo dute katea. Egoera konpondu nahian, bestetik, langileak herenegun elkartu ziren Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin, baina langileen enpresa batzordeak salatu du «itxurakeria hutsa» izan zela bilera hura: «Ez du ezertarako balio izan. Lan Sailean esaten digute ez dutela ezer konpontzeko ahalmenik». Langile batzordeak adierazi du euren asmoa izan dela Industria Sailaren elkartzea, eta haiekin biltzea eskatu dute. «Industria Ministerioarekin elkartzea eskatu dugu hasieratik, eta ez gara konformatuko lortu arte». Hala, Jaurlaritzaren jarrera salatu dute; «langileen aldeko jarrera garbia erakuts dezala nahi dugu; orain artekoa sumintzeko modukoa da, ezer egiteko prest ez dagoela eraskusten baitigute». «Duintasun lezio handia» Beharginak «sufritzen» ari diren egoeraren aurrean, berriz, Zestoako eta Zumaiako Sortuk elkartasuna adierazi diete TSko langileei, eta aurrerantzean ere mobilizazioetan izango direla hitz eman diete. Langileak giten ari diren lana «txalotzekoa» dela deritzote. «Orain arteko aldarrikapen sozialetan eta grebetan jarrera eredugarria erakutsi dute beti, eta orain ere duintasun lezio handia ematen ari dira». Egoerak «arduradun zuzena» duela uste du Sortuk: «Zuzendaritzak eta akzieodunek dute egoera honen ardura nagusia. Beraien kudeaketa kaskarrak eta irtenbidea langileekin partekatu nahi ez izanak ekarri dute une etsigarri hau». Horien arabera, bideragarritasun planak «onura pribatuen mesedetan» egin dituzte. «Helburua enpresako kide guztien ongizatea balitz, beste egoera batean geundeke». Kutxabanken jarrera ere salatu du, eta kutxa publikoak pribatizaziora jo izanak ondorio garbiak dituela adierazi du. Adegik, «krisiaren aitzakian», eskualdea «laborategi gisa» erabiltzea erabaki duela uste du, «neurri gogorrak» ezarriz. Neurri horiek guztiak, TSn hartutakoak barne, Madrilgo Gobernuak onartutako lan erreformaren «baimenpean» egin dituztela azpimarratu du. «Lan erreformak ahalbidetzen du patronalak inpunitate osoz nahi beste kaleratze egina eta soldatak jaistea». Horren aurrean, lan sindikala beharrezkotzat jo du, eta «enplegu duina» defendatzeko indarrak batzeko prest agertu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide