Ezkutuko jardunean aritu dira buru-belarri Orioko Kurrikuluma Sortzen Elkarteko kideak. Barne lanean aritu diren arren, datu-bilketa fasean, kanpora begirakoa beti izan dute presente. Proiektua herrian sozializatzea eta herritarrengan eragiteko helburua dute, hortaz, herrian duten presentzia indartzeko keinuak ere egin dituzte. Sare sozialen bitartez interakzioa bilatu dute, bideo laburrak argitaratu dituzte eta Karkaran bloga zabaldu dute, besteak beste. Hemendik aurrera, are gehiago entzungo ditugu, ekaina bitartean hainbat ekintza antolatu baitituzte. Lehena, asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean Salatxo aretoan.
Hezkuntzak izango dituen ondorioak aztergai
LOMCE legea onartu da eta hezkuntzan eragingo dituen ondorioez kezkatuta daude Orioko Kurrikuluma Sortzen taldekoak. Ondorio horietaz ohartarazi nahi dituzte herritarrak, nahi ala ez, legea aplikatu egingo baita. Lege honi izkin egiteko alternatibak ere izango dituzte hizpide.
Horrez gain, Nafarroako hezkuntzak jasan dituen banakatze eta D ereduko irakasleei zuzendutako erasoei buruz ere arituko dira hizlariak, zeinak Aiora Epelde Sortzeneko
koordinatzailea, Beñat Karrera Nafarroako Iturama institutuko irakasle oriotarra
eta Orioko Curriculumeko kide den Ruben Iglesias izango diren.