Zarauzko EAJ: «Nafarroa kaleko biribilgunea ez da lehentasuna»

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 25a

EAJk Nafarroa kalean egitekoak diren biribilgunearen proiektua berrazter dezan eskatu dio Udal Gobernuari.  «Aurreikusita dagoen bezala eraikitzen bada, oinezkoa aterako da galtzen, argi eta garbi», ohartarazi du alderdiko bozeramaile Imanol Lasak. Lizardi eta Jaurtarkol kaleen eta N-634 errepidearen arteko bidegurutzean egingo dute biribilgunea eta oinezkoen segurtasunari «kalte nabarmena» eragingo dio EAJren arabera, haiei zuzendutako bi semaforo kenduko dituztelako eta ibilgailuentzako beste bat: «Bilduk kontraesan argiak erakusten ditu, beti hitz egiten duelako oinezkoari lehentasuna emateaz, baina kasu honetan ez du hierarkia hori errespetatzen. Hain zuzen, ibilgailuen trafikoari egiten dio mesede, oinezkoen mugikortasuna kaltetuz. Bilduri biribilguneari beste buelta bat eman diezaion eskatzen diogu, ibilgailuak izan ezik, oinezkoak ere kontuan hartuz». Jakinarazi duenez, 295.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak. Zentzu horretan,    hori egitea baino  «lehentasun handiagoko» kontuak Zarautzen badaudela nabarmendu du. «Adabakia» Lan horren helburua trafikoa mantsotzea bada ere, bi semaforo kentzean autoak biribilgunetik azkarrago igaroko direla dio EAJk, eta horrek arriskua sortuko duela oinezkoentzat.   Lasak nabarmendu du  trafikoa murrizteko biribilgunea ez dela «baleko konponbidea». Horren arabera, industrialdeetarako sarbidea ere ez du ahalbidetzen: «Bilduk saihesbidea geldiaraztea erabaki zuen. Azpiegitura hori funtsezkoa zen N-634 errepidetik trafikoa desbideratu eta Errotaberriri sarrera duina eman ahal izateko». Zentzu horretan, biribilgunearen proiektua «adabakia» dela dio, eta «norabiderik gabeko kudeaketa baten» seinale dela: «Errepide nagusian biribulgune bat halamoduz egitea ezin da saihesbidearen ordezko gisa hartu, azken hori inbertsio estrategikoa zelako herriarentzat trafiko eta ingurugiro hobekuntzari dagokionez». Halaber, Udal Gobernuak biribilgunea eraiki nahi den eremuko bizilagunenganako «erabateko sentsibilitate eza» erakutsi duela salatu du Lasak.  Proiektu horrek aparkalekuak galtzea ekarriko duela gaineratu du: «Udalak ez du biribilguneak bizilagunei nola eragingo dien aurreikusteko ahalegin txikienik ere egin. Ondorioak zuzentzeko diru atalik ez da ageri inon». Ildo horretatik, Bilduk antolatutako parte hartze prozesuak «kea besterik ez» dira EAJko bozeramailearen ustez, eta biribilgunearen auzian izandako  jarrerak  udalak herritarrei «bizkarra emanda» gobernatzen duela erakusten duela esan du. «Tamaina eta kostu honetako proiektu batek  babes sozial eta politiko zabalagoa behar du. Beste behin inposaketaren bidez eta korrika eta presaka egin dira gauzak, udaleko beste alderdiekin akordiorik txikiena ere bilatu gabe».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide