Makilak sendo heldu eta egurrari kolpeka hasi dira. Txalapartaren doinuarekin eman diete agurra bertaratutakoei: Gema Gonzalez de Txabarri eta Nekane Agirre hezkuntza saileko ordezkariak, hezkuntza sailetik etorritako ikuskaritzako ordezkariak, udaletxeko ordezkariak, Orioko kultura eta hezkuntza arloko ordezkariak, haur, guraso eta irakasleak.
Bertaratutakoei ongi etorria eman die Juanjo Zubizarreta zuzendariak, bera izan da lehena hitza hartzen. 16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzearen garrantziaz aritu da aspalditik zen gure asmoa etapa hau bermatzea, eta urteak eman ditugu helburu hau lortu nahian. Aurten martxan jarri dugu, eta pozik gaude oso. 18 ikaslek hasi zuten DBH lehen maila ikasturte hasieran eta gustura daude. Gipuzkoako lehen ikastetxe publikoa da hezkuntza integrala eskaintzen duena. Harro egoteko modukoa da, aipatu du zuzendariak.
Ez ditu ahaztu xedea lortzeko bidelagun izan dituzten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Orioko Udala, ezta Orioko familiak ere gugan sinistu dute, proiektu honetan zuten konfiantza azaldu digute. Denei eskertu nahi diegu. Marta Zapirain eta Iñaki Iturain ere gogoan izan ditu, inaugurazioa antolatzen lagundu baitiete. Ekitaldiko argazkiak ikusteko, klikatu hemen.
Eskolan eta parkean bermatu behar da euskara
Beñat Solabarrieta Orioko alkateak gaurko honetan protagonistak haurrak direla azpimarratu du, etorkizuna beraiek direlako. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gelak inauguratzen egon arren, garrantzitsuena gela barruan gertatzen dela aitortu du: gela barruan eskolaren lanketa garrantzitsua da, hori baita hezkuntza sistemaren ardatza. Haurrek eskolan bermatua dute euskararen transmisioa, baina lanketa hori parkeetan ere eman behar da.
Jasotzen ari garen kanpo erasoak ere ekarri ditu gogora. Horiei erantzuteko herrian bide bat sortu dela aipatu du "Orioko Curriculuma Sortzen taldeak gure hezkuntza, gure haurrekin eta gure gizartean oinarrituta egiteko bideari ekin dio. Lanketa horretan jarraitu behar dugu, eta eskolak parte-hartzen jarraitu behar du ekimen horretan.
Baliabide ezin hobeak dituen eskola
Hezkuntza sailekoek ere umeak etorkizuna direla aipatu dute eta Zaraguetak baliabide bikainak dituela hezkuntza hori lantzeko, etorkizuna bermatzeko. Fisikoki paregabea da eskola kokatzen den tokia, baita eskola bera ere. Baliabide pertsonalak ere itzela dira: zuzendaritza sendoa eta langile konprometitua. Umeei etorkizun ona emateko ezaugarri onak ditu eskolak hezkuntza saileko ordezkarien ustetan.
Juan Zaragueta gogoangarria
1974an zendu zen Juan Zaragueta Orion jaiotakoa zen. Hezkuntzak kezkatzen zuen Zaragueta, hortaz, lan asko egin du arlo honetan. Inaugurazioan presente izan nahi zutenez Zaragueta zenaren biloba Bixente Zaragueta izan da bertan.
Ordezkarien hitzen ostean agurra dantzatu dute hiru ikaslek, txistuaren laguntzaz. Txistuaren zuloak gitarraren sokak ordezkatu ditu. Inaugurazioaren oroigarriaren estalkia kendu dute bi ikasleek. Gitarraren doinuari letra jartzen zion abestia dago plakan, eskolan sortua. Elkarrekin abestu dute guztiek. Amaitzean, txaloak. Txaloen ostean, txalapartaren soinua; horrela eman zaio amaiera ekitaldiari, hortaz, lanean tinko segitzeko animoak eman dizkio eskolari.