Argazki estudioa izeneko argazki erakusketarekin abiatu du Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak urteko programazioa. Urtarrila amaieran inauguratu zuten, abendutik paratuta zuten Argazkigintza eta arkitektura erakusketaren txanda bukatu ondoren. Oraingo honetan arkitektura-paisaiak albo batera utzi, eta erretratuetara mugatu dira. Argazki estudioetan atera izan diren eta oraindik ere ateratzen dituzten ohiko argazki moldeetara, hain justu ere.
Hori horrela, neska-mutilak jaunartzean, ezkontzetako argazkiak, festa girokoak eta edozein etxetan topa daitezkeen prestatutako argazki zaharrak jaso dituzte, guztiak ere erretratuak eta zuri-beltzean. Genero fotografikoen artean erretratuak onarpen nabarmena izan zuen herritarren artean, eta bere praktikak garapen handia izan zuen merkataritza esparruan. Izan ere, argazki estudioak edo dendak ugaritzen joan ziren pixkanaka-pixkanaka. Argazki denda hauek, hiri eta herrietako erdigunetan kokatuta zeuden, eta jendearen eskaerei erantzun zieten, horrela famili-giroko gertaerak –bataio, jaunartze, ezkontza eta beste edozein ospakizun– eta agiri ofizialetarako eskaerak bete zituzten. Hori gogora ekarri nahian,
Argazki estudioa erakusketak edonoren etxeko apal, horma edo bildumetan topa daitezken argazki mota horiek jarri ditu erakusgai martxoaren 2ra arte.
Hurrengo erakusketak
Datorren astean, berriz, erakusketa aldatu eta
Gerra europarra 1914-1918 izenekoa irekiko dute Photomuseumen. Bertan lehen Mundu Gerrako testigantza grafikoa ezagutzeko parada eskainiko du apirilaren erdialdera arte. Aste Santuarekin batera, urtero legez, Zarauzko Argazki Bilera antolatuko du argazki eta zinema museoak; bost erakusketa egingo dituzte aldi berean herriko lau aretotan, hain zuzen ere.
Photomuseumeko arduradunek aurreratu dutenez, bi argazkilari zarauztarren lanak ikusi ahal izango dira: batetik, Iñaki Kaperotxipiren
Bidean Sanz Enea kultur etxeko aretoan, eta bestetik, Rafael Serrasen
Eszenografia Torre Luzean. Bestalde, Arantxa Rojasen argazkiak Zazpi galerian jarriko dituzte, eta Photomuseumen bertan, azkenik, bi talde-erakusketa: lehena
X Seriea. 8 begirada izango da eta bigarrena, berriz,
Albumak.