Juanjo Zubizarreta: "Hasieran DBH izatea ezinezkoa zela zirudien, baina lortu dugu"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 25a

Juanjo Zubizarretak (1962, Orio) 29 urte daramazki hezkuntza munduan murgilduta, eta azken bost urteotan Zaragueta Herri Eskolako zuzendaria da. Pasa den ostiralean DBH zikloa eta gela berriak inauguratu zituzten ikastetxean, eta hori lortzeko egindako bideaz hitz egin du ikastetxeko zuzendariak. Urrats garrantzitsua izan da DBH zikloa abiatzea. Zer esan nahi du horrek Zaragueta Herri Eskolarentzat? Oso garrantzitsua da. 1996ra arte Zaraguetako ikasleak 14 urtera arte ikasten zuten Orion. DBH ezarri zenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Orion ikastolak eta Zaraguetak elkarrekin DBH abiatzea proposatu zuen; ez zen proiektua aurrera atera eta ikastolak bere kabuz DBH jartzeko apustua egin zuen. Zaragueta Herri Eskolako ikasleak, berriz, Zarautzera joaten ziren DBH egitera. Uste dut desberdintasun horren ondorioz desoreka handia sortu zela herrian eta gure nahia horri irtenbidea ematea izan da. Hezkuntza proiektua egonkortzeko beharrezko urratsa zen. DBH lortzeko bidea luzea izan al da? Bai, urte askotakoa izan da. Hasieran ezinezkoa izango zela zirudien, baina azkenean lortu dugu. Hasierako asmoa Aiako Lardizabal Eskolako ikasleak DBH egitera Oriora bideratzea zen, bi lerroko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza izateko. Dena dela, aiarrak Zarautzera joateko ohitura dute, eta ez zeuden ados aldaketarekin. Horregatik, hezkuntza sailak DBH martxan jartzea erabaki zuen, baina printzipioz Orioko ikasleekin bakarrik. Zaragueta hezkuntza integrala eskaintzen duen Gipuzkoako lehen eskola publikoa da, ezta? Bai, Gipuzkoan Ikastetxe Proiektu Integratua izaera dugun ikastetxe publiko bakarra gara, klaustro eta zuzendaritza bakar batekin. Itunpeko ikastetxeek aukera hori badute, baina 1996tik aurrera hezkuntza publikoan erabaki zen ikastetxe batzuk HH eta LH izatea, eta besteek DBH edo DBH eta batxilergoa. Zein dira ikastetxearen erronkak? Gauza bat da guk zer asmo ditugun, eta bestea da Orioko haurren kopurua zein den. Azken bi urteotan haur asko jaio da herrian, baina hori ez da izango hemendik aurrerako joera. Asko jota, kalkulatzen da Orion hiru lerroko haur kopurua izango dela. Hori kontutan hartuta gure asmoa lerro sendo bat lortzea da. Une honetan baditugu bi lerro bost mailatan, baina Orioko hazkundea eta jaiotza kopurua aztertuta, uste dugu joera hori mantentzea ez dela posible izango.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide