Duela bederatzi urte bizitza aldatu zitzaion Ibon Mugerzari (Tolosa, 1983). Moto istripu larri baten ondorioz, besoko sentsibilitatea galdu zuen. Horrek arazo ugari ekarri dizkio gazteari, baina baita «zerbait» positiboa ere: «Badakit istripuak gauza txar asko ekarri dizkidala, baina alde positiboa ere izan du. Lehen presa nuen guztia egiteko; orain lasaiago hartzen dut dena. Nire ikuspuntua asko aldatu da, gauzak egiteko gai naizela ikasi dut».
%50eko elbarritasuna du, eskuineko besoaz eta sorbaldaz gain, bizkarreko zati bat ez baitu sentitzen. Hala ere, mugak norbere buruak jartzen dituela dio Mugerzak. Istripua izan aurretik bezala, surfean jarduten du Zarautzen, eta eskalada eta slackline-a —soka gainean oreka mantenduz ibiltzea— praktikatzera ere ausartu da: «Zerbait egin nahi bada, saiatuz gero lor daitekeela ikasi dut». Hori guztia soberan erakutsi du
Sunyata Lapse film laburrean.
Zer erakutsi nahi izan duzu Sunyata Lapse film laburraren bidez?
Nire berezko muga zein den erakutsi nahi izan dut. Badakit jendeak begiratzen nauenean besoa gaizki dudala ikusten duela, eta pentsatzen duela nire muga bakarra gauzak beso bakarrarekin egin behar izaten ditudala dela. Baina, ez da hori soilik; besoa mugitzeko ezintasunaz gain, minak mugatzen nau ni. Min horrek nola funtzionatzen duen, eta horri nola egiten diodan aurre erakutsi nahi izan dut film labur horretan. Plexu brakiala haustea zer den erakutsi nahi izan dut, eta ondorioz gorputz-atal fantasmaren mina, mamu mina deritzona sentitzea.
Zer da hori?
Moto istripua izan nuenean, lepoak halako mugimendu arraro bat egin zidan eta plexu brakiala hautsi nuen. Lepoko zerbikaletako D8tik C4ra arteko nerbioak hautsi zitzaizkidan ondorioz. Nerbio horiek dira burutik giharretara eta alderantziz informazioa eroaten dutenak. Horiek puskatuta, besoko sentsibilitatea galdu nuen, baina aldi berean, besoaren sentsazioa geratu zitzaidan barruan. Eta sentsazio hori da, hain zuzen, mina eragiten didana. Mamu mina da, ez baitut besoa sentitzen. Buruaren distortsio bat da, finean. Zaila da, baina denborak aurrera egin ahala eramangarriagoa bihurtu da min hori.
Zentzu horretan, kirola al da zure terapia?
Kirola egiten ari naizen bitartean mina desagertu egiten dela nabaritzen dut. Gerora, gelditu bezain pronto min sentsazioa itzuli egiten da, baina kirola praktikatzen dudanean ez dut sentitzen. Eta orain ari naiz konturatzen zergatik gertatzen den hori. Kirola egiten dugunean gure zentzumen guztiak areagotu egiten dira, arreta gehiago jartzen duzu egiten ari zaren horretan. Horri esker, bakea sentitzen dut gorputzean eta ditudan arazoez ahaztu egiten naiz. Sunyata horretara iristen zara, ezerezera.
Horrek aurrera egin dezakezula erakutsi dizu.
Duela bederatzi urte bizitza aldatu zitzaidan, eta berriz ere istripua izan aurreko leku berberera itzuli nahi izan dut. Lehen egiten nituen gauza berak egitera alegia, nahiz eta mugak izan. Beste maila batean, baina surfa egiten segitu dut, olatu txikietan bada ere. Jarraitzea da garrantzitsuena, eta ikustea nahi dudana lor dezakedala saiatuz gero. Izan ere, hasieran sekula ezingo nuela surfik egin uste nuen. Baina saiatuz gero, edozer lor daiteke; horixe ikasi dut nik.
Jendeak esaten didanari kasu egingo banio, agian ez nintzateke egun naizena izango. Besoa gaizki izanda ere kirola egiten jarraitzen dudala ikustean zenbait pertsona harritu egiten da; arduragabekeria edo erokeria dela uste dute. Jende askok esan dit ez nukeela halakorik egin beharko, arriskutsua izan daitekeela niretzat. Baina, beste askok zoriondu egin naute. Horregatik, nik zer nahi dudan horri egiten diot kasu.
Nondik sortu zen hori guztia film labur batean jasotzeko ideia?
Yarir Abouk egin du film laburra, beste pare bat lagunen laguntzarekin. Uretan ezagutu genuen elkar. Atentzioa eman zion nola egiten nuen surfa. Baina horrekin batera, nire egoera pertsonala ere jaso du lanean. Biluztu egin naiz , barruan sentitzen dudan guztia azaleratu baitut. Nola sentitzen naizen, zein den nire arazoa, nola egoten naizen etxean nagoenean, zenbat birgaitze saio egin ditudan... Poliki joatearen pentsaera hori erakutsi nahi izan dut. Irtenbidean zentratu beharrean, unean ongi datorkidanari heldu eta hori egiten jarraitzearen garrantzia. Irtenbidea iritsiko da egunen batean,baina bitartean lasai hartu nahi dut. Oraingoz, kirola eta bizitza normala egiten jarraituko dut.
Surfean, eskalatzen eta
slackline-a praktikatzen ateratzen naiz film laburrean. Eta oso pozik nago emaitzarekin.
Non ikus daiteke Sunyata Lapse?
Oraindik ezin dugu sarera igo, surf film festibal lehiaketetan parte hartu ahal izateko konfidentzialtasuna eskatzen digutelako. Lehiaketak amaitu zain gaude horretarako. Hala ere, zenbait herritan egin ditut aurkezpenak; Zarautzen, Marmol tabernan erakutsi nuen.
Zer-nolako erantzuna izan du film laburrak?
Benetan harrera ona izan du.Txalo ugari jaso dut eta jendea oso gustura gelditu da; asko harrituta beso bakarrarekin kirola praktikatzen dudala ikustean. Beroa izan da erantzuna. Izan ere, zu biluzten zarenean, guztiz irekitzen zarenean parean dagoenak gauza bera egiteko behar moduko bat sentitzen du. Lehendabizi entzun eta gero, bueltan, bere sentipenak adierazteko zuri. Oso
feedback ona izan dut jendearekin; nik neure esperientzia kontatu dut, baina aldi berean haiek ere gauza bera egiten dute nirekin. Jendearen babesa sentitu dut eta zoriondu egin naute egiten dudanagatik.