Kamiolari aiar batek hamabi eguneko gose greba egin du Valentzian

Nerea Uranga 2014ko otsailaren 21a

Jose Ramon Lizarralde garraiolari aiarra (ezkerrean) hamabi egunez gose greban egon da Valentzian, Conselleriaren aurrean. Jose Ramon Lizarralde garraiolari aiarrak otsailaren 10etik gaur arte, otsailak 21, gose greba egin du. Valentzian, Conselleriaren aurrean egon dira gose greban Lizarralde eta beste garraiolari bat. Biak garraio kooperatiba bateko kideak dira. Europak aginduta kooperatiba hoiek merkantilizatu egin dira eta eraginak kamioilariak ari dira jasaten, Lizarralderen arabera. "Garraiolari txartela izatea da eskatzen duguna, ez dugulako merkatu beltzean erosi nahi". Hori tarteko, Espainiako garraiolarien legedia Europako beste herrialdeen berdina izatea da eskatzen dutena. Euren protestarekin zerbait lortu dutela dio, "gure arazoa ezagutzera eman dugu hedabide batzuen bidez, eta Conselleriako ordezkariekin eta Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin hitz egiteko aukera lortu dugu. Gure ahotsa izatea edota entzunarazteko aukera izatea lortu dugu", esan dio Urola Kostako HITZAri. Conselleriakoekin gaur bildu dira eta datorren asteartean Espainiako Gobernuko ordezkariarekin dute bilera. Eskatzen duten guztia lortu gabe, baina euren eskaeraren berri emateko aukerarekin utziko du gose greba Lizarraldek, "autonomoa naiz eta lanera itzuli beharra daukat", dio. Garraio kooperatibak Duela hamar urtetik Valentzian bizi da aiarra eta kamiolaria da lanbidez, "autonomoa". Garraiolarien kooperatiba bateko kide da, "Valentzian kooperatiba asko daude garraiolarienak", dio. Garraiolari bezala lanean jarduteko aukera izateko egin zen kooperatibako kide. "Espainian gaur egun garraiolari jardun nahi duenarentzako eragozpen izugarri bat dago, edozeinek ezin du izan garraiolaria", dio.  Garraiolari izateko hiru kamioi berri erosi behar direla dio Lizarraldek, "hiru kamioi hoiek erosi ondoren Espainiako Gobernuak garraiolari txartela ematen du, garraiatzeko lizentzia dena. Txartel hori gabe ezin da ezer garraiatu, hori beharrezkoa da. Baina, pertsona arrunt batentzako hori ezinezkoa da, kamioi bakoitzak 100.000 euro inguru balio dituelako eta horri atoia gehitu behar zaio gainera. Beraz, dirutza da". Europako beste herrialdeeetan hori horrela ez da, "Europako beste herrialde batzuetan garraiolari titulua dute kamioilariek, kamioi bat dute, eta gobernuak garraio lanetan aritzeko lizentzia ematen diete. Ez dute guk hemen dugun arazorik". Espainian garraiolari txartelaren atzean "negozio bat" dagoela dio Lizarraldek, "txartelak bi urtetik behin zigilatu egin behar dira eta hor atzean negozio bat dagoela uste dugu". Horri aurre egiteko, batez ere Valentzian garraiolarien kooperatibak sortu zituzten orain dela urte asko, "hala kooperatiba hoiek dituzte garraiorako txartelak eta bertako bazkideek erabiltzen dituzte lanerako". Kamioilariek egiten dituzte garraio lanak, eta egindako garraioaren faktura egiten diote gero kooperatibari eta honek bezeroari egiten dio faktura. "Garraiolaria, kooperatiba eta bezeroaren arteko triangelu bat da", azaldu du aiarrak. "Horrela funtzionatu da azken 30 edo 40 urtetan. Gainera, orain dela urte batzuk hori sustatu zuten. Kamioiko gida baimena atera ondoren lana edukitzeko aukera bezala bultzatu zuten". Garraioko kooperatibatako kamioilarien arazoa da, txartelik ez daukatela eta eurek bezeroei zuzenean ezin diela fakturatu. Europatik garraioko kooperatibei "merkaturatu" egin behar dutela agindu diete. "Horren aurrean, kooperatibak formula ilun eta zikin bat erabili dute eta gure jarduneko izendapena aldatu dute: lehen garraiolariak ginen eta orain komertziorako bitartekariak gara. Kooperatibak azken batean kudeatzaile agentziak dira, eta merkatuan egoteko formula bat asmatu dute". Baina, kooperatibak kamioilarien "bizkar" daude merkatuan Lizarralderen arabera, "guk hilero 200 euro ordaindu behar izaten diogu kooperatibari".  Europatik agindua kamioilarien kontrakoa izan dela dio aiarrak, "gu ez gaude ados, horrek suposatzen digulako urtero 20.000 euro zergetan ordaintzea: urtarrilean zergetan 1.800 euro ordaindu ditut, hil honetan beste hainbeste ordaindu behar dut... eta urtearen bukaera arte horrela. Baina, kopuru hoiek ordaintzea ezinezkoa zait. Hipoteka ordaindu beharra, kamioiaren mantenua... Kamioi baten gurpil bakar batek 500 euro balio ditu. Kamioi baten matxura bat konpontzea oso garestia ateratzen da, bi mila edo hiru mila euro. Guk baldintza hoietan ezin dugu lehiatu". Lizarralderen arabera, hil batean sei mila euro fakturatu eta etxera 800 euro besterik ez lituzke emango.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide