Zabortegiak ixteko proposamenari "inork oztoporik ez jartzea" espero du Azpeitiko Bilduk

Olatz Prat 2014ko otsailaren 21a

Azpeitiko Bilduko kideak, gaur arratsaldeko agerraldian. UZTARRIA Azpeitiko Bilduk albiste "oso positibotzat" jo du zabortegiak ixteko proposamen zehatza. Adierazi dutenez, "behin eta berriz esan" dute ez dutela nahi inongo herrik "gu sufritzen ari garena sufritzea" eta gaineratu dute ez dutela "inor izorratzerik nahi, ez errauste plantarekin, ezta zabortegiarekin ere". Gipuzkoako Aldundiak eta GHK-k proposamena eta egutegia finkatzea "garrantzitsua" dela, baina, prozesua"zuhurtziaz" hartzen dutela adierazi du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, oztopatzeko egon daitezkeen ahaleginak medio. Gaia "ika-mika politikotik kanpo" lantzeko eta "inork zabortegiak ixteko proposamenari oztoporik ez jartzeko" itxaropena azaldu du. "Ez genuke ulertuko inor proposamen honen aurka egotea", nabarmendu du. Aste honetan publiko egin den albisteak eta proposamenak "garrantzia berezia" du Azpeitiko Bilduko kideentzat, "errauste plantarik gabeko alternatiba badagoela eta gakoa denok birziklatzean dagoela frogatzen baitu". Horrez gain, agerian uzten du euren ustez, "zabortegiak ixteko 500 milioi euro gastatzeko beharrik ez zegoela eta errauskailua gezur handi batean oinarritua zegoela". Arerio politikoek proposamena herritarren interesen defentsan kokatzeko nahia azaldu dute, "eta errauskailuaren proiektua, orain arte eurentzat zabortegiak ixteko alternatiba bakarra zena, albo batera uztea" eskatu dute. Alde horretatik, proposamen horren kontrako jarrerarik ez luketela onartuko adierazi dute, "baldin eta herritarren interesak defendatzen baditu". Are gehiago, proposamenak behar dituen babes politikoak ematea eskatu die alderdi politiko guztiei. Azpeitian hondakinen inguruko azken mozioan onartu bezala, "errauskailurik gabeko azpiegiturak adostuz, zabortegiak ixtea" defendatzen dute. Lapatxek 2009an itxia behar zuela ohartarazi du Etxeberriak, "baina ez gara gu izan Lapatxen bizia luzatzea erabaki zuena, EAJ izan zen bere garaian hori erabaki zuena. Orain, 2014ean gaude eta berandu dela diote haiek beraiek, atzerapena dagoela" esan du. Eta zera gaineratu du: "Eskerrak hemerotekak eskura ditugun gauza hauek guztiak frogatzeko". Etorkizunean egin daitezkeen proposamenek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK-k egindako proposamenaren "epeak eta baldintzak kontuan har ditzala" eskatu dute. Bestetik adierazi dute datorren astean Gipuzkoako Aldundiaren eskutik Lapatxen itxieraren zehaztapen tekniko zehatzagoak jasotzekoak direla. Bosgarren edukiontzia Azpeitiko EAJ "zabortegien itxiera eta hondakinen tratamendua etengabe nahasten" aritzea salatu du Bilduk. Izan ere, 2013ko maiatzean sinatutako akordioak "esaten duena esaten du: sistema berria izango duela Azpeitiak eta %70 birziklatzeko helburua izango duela", ohartarazi du Etxeberriak. "Akordio hura ez da bosgarren edukiontziaren aldeko akordio bat, hori argi esan behar da, bosgarren edukiontziaaspalditik baitago Azpeitian ezarria, batzuek orain konturatzen direla dirudien arren".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide