Lan aukeren garrantzia unibertsitatera sartzerakoan

Karkara.eus 2014ko otsailaren 21a

Eserleku guztiak bete ziren eta askok zutik entzun behar izan zuten "Zer jakin behar du unibertsitatera sartzeko?" hitzaldia

Zer jakin behar dut unibertsitatera sartzeko? Galdera horri erantzuna bilatzeko asmotan gerturatu ziren ikasle asko asteazken...

Eserleku guztiak bete ziren eta askok zutik entzun behar izan zuten "Zer jakin behar du unibertsitatera sartzeko?" hitzaldia

Zer jakin behar dut unibertsitatera sartzeko? Galdera horri erantzuna bilatzeko asmotan gerturatu ziren ikasle asko asteazkenean Orioko Batzokira. Gazteei laguntzen, gurasoak, seme-alabak baino galdera gehiagorekin. Nabaria da unibertsitateko ate irekien garaian gaudela eta izen emateak gerturatzen ari direla. Batzokiko aretoa jendez gainezka zegoen: aulki guztiak okupatuta, jendea zutik. Itziar Alkortak esertokia ziurtatua zuen, hizlari baitzen bera. 

Orion zentratuta erantzun zuen galdera, izan ere, Orio inguruan unibertsitate eskaintza handia dago, Europa osotik gehien dituenetarikoa da. Gainera, Euskadi da goi mailako titulatu gehien dituen herrialdea Europa mailan. Euskadin %63 da; Europan, ordea, %27. Teorian hoberen prestatutako jendea daukagunez, aukeraketa egiterako garaian irizpidea eduki behar dela argitu du Alkortak. Enpleagarritasuna ere kontuan eduki behar dela aitortu du, hau da, titulazioak ematen dituen lan aukerak. 

Gurasoek eta seme-alaben unibertsitatea, ezberdina

Gurasoek unibertsitate bat ezagutu zuten, teorikoa. Haurrak, aldiz, beste batera doaz. Bolognak aldaketak ekarri ditu. Eskolak ez dira ikuspegi teoriko batetik ematen; teoria eta praktika nahastu egiten dira, uztartu. Ikasleen gaitasunetan egiten da lan. Gaitasun horiek ikasgai jakin batean lantzeaz gain, taldean ere lantzen dira. Praktikak unibertsitatean bertan egiten diren arren, enpresan ere egiten dira. Interesantea da oso formula hau, gaitasun handiagoko ikasleak formatzen baitira.

Europa mailako unibertsitate guztiek irakasgaiak berdin neurtzeko helburuarekin sortu zen Bologna. Kredituek, hortaz, esanahi berbera daukate Europako guztian. Lortu ez dena unibertsitate guztietako egitura armonizatzea da, izan ere, Espainiak balio ezberdinak ematen dizkie tituluei gainontzekoek baino, eta horrek ez gaitu konpetitiboak egiten. Europan graduak hiru urteetakoak dira, masterrak bi urtetakoak eta doktoretzak lau urtetakoak. Espainian, aldiz, graduek lau urte dituzte, masterrek bat eta doktoretzak lau. Konpetitiboak ez garenez, ziurrenik, gainontzeko herrialdeek dituzten zenbakiak izango ditugu gutxi barru, dio Alkortak.

Merkatuen beharrei erantzuten

Lan merkatuan eskaintza baxua zeuzkaten ikasketak egiten ziren lehen, batik bat. Gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatu egin da, aldaketa ematen ari da. Jendea enpleagarritasun handiagoa duten graduak ikasten ari da, lehen ez bezala. Irtenbide laboral handiagoa duten ikasketak teknologiarekin, zientziarekin eta matematikekin lotuak daudenak dira. Gainera, krisitik ateratzen garenean, arlo honetan formatutako unibertsitarioak beharko ditugu. Estereotipo oker batzuekin lotzen dira gradu hauetako ikasleak, eta horrek, gazteek aukera hori deuseztatzea ekartzen du. Pena da, ematen duten irudia ez delako zuzena eta graduek irtenbideak dituztelako, azaltzen du Alkortak.

Ikasitako alorrean lan egiteko aukera gehien ematen duten graduak osasunarekin lotutakoak dira. Ondoren, ingeniaritzak. Gero, zientzia esperimentalak eta azkenik, giza zientziak eta zientzia sozialak.

Unibertsitatea zenbakitan

Unibertsitateko tasak ez dira igo azken lau urtetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Halaber, tasak ezberdinak dira graduak duen esperimentalismoaren arabera. Lau maila daude; baxuena, bitarteko gutxienak behar dituena da, eta kredituak 10 euro balioko du.

Unibertsitate guztiak finantzatu egiten dira, herri batentzat garrantzitsua baita gazteak unibertsitatera sartzea. EHU, publikoa izanik, osorik finantzatzen da. Deustu eta MU, aldiz, zati batean finantzatzen ditu. Gobernuak helburu batzuk betetzeko bermea ipini zien unibertsitateei. Ingelesa, euskara eta kalitatea dira ebaluatzen diren arloak, eta jarritako helburuak betetzen ez badituzte ez zaie diru laguntzarik ematen.

Laguntza ematen denean, ordainetan zerbait eskatu beharra daukazu. Gobernuak, hori eskatzen die unibertsitateei, eta ikasleei, gainditzea, azaltzen du Alkortak. Ikaslek bi azterketa egiteko eskubidea dute laguntza horrekin, hortaz, gainditzea eskatzen zaie. Suspenditzen badute beraiek ordaindu behar dute ondorengo matrikula eta prezioa asko garestitzen da.

Unibertsitateak ere jasaten du presio hori. Abandonu tasa handia dute gradu batzuek, handiegia. Hori aldatu nahi du gobernuak, unibertsitateak ez baitu bere lana ongi betetzen. Efizienteak ez badira ez diete titulaziorik emango.

Unibertsitate bakoitzaren eskaintza eta gutxieneko notak ere aztertu zituen Alkortak: EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatearen. Halaber, informazio gehiago jakiteko unibertsitate bakoitzaren webgunean sartzea gomendatu zuen. Unibertsitate bakoitzak orientazio zerbitzua duela ere aipatu zuen, eta oso erabilgarriak direla azpimarratu zuen. Hortaz, dudaren bat izanez gero bertara jotzeak lagunduko zaitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide