Ezkerretik hasita, Antonio Eizmendi, Haimar Arozena eta Maite Sarasua. Amaia Ventas
Urtetako zabortegia 2014ko abenduaren 31n itxiko da, eta albiste "oso ona" dela nabarmendu du Zarauzko EH Bilduk. "Zarauztar askok, eta bereziki, Urtetako bizilagunek urte askoan pairatutako kirats, kaio, lixibiatu eta kutsadurak iraganeko kontuak izateko bidean dira". Zarauzko EH Bilduk zabortegien itxiera "aspalditik" aldarrikatu duela gogoratu dute, eta bere esku dauden bitarteko guztiak jarri dituela norabide horretan pausoak emateko. "Esan eta egin egin da gure leloa, eta horixe iragarri genuen eta egiten ari gara". EH Bilduk "eskatu, adostu, lan egin eta itxi egingo" duela diote: "Arduraz eta ausardiaz jokatu dugu, etorkizuneko ikuspegiarekin, eta hor dago gure sinesgarritasuna. Emaitzetan".
Zabortegiaren "azken urtea" dela diote, eta hori Zarauzko Udala, Urola Kostako Udal Elakrtea, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker gertatu dela: "Elkarlanak bere fruituak eman ditu, baina ez eragileen artekoak soilik: herritarren kontzientziazioak eta Gipuzkoa osoan hondakinen bilketa arduratsu baten bidean ematen ari diren urratsek ere zer esan handia dute harturiko erabakian. Zabortegiak, azken batean, urte askotako arduragabekeriaren ondorio izan baitira, eta arduragabekeria horri arduraz erantzuten hasi garenean, hondakinen prebentzioan eraginez, berrerabilera bultzatuz eta birziklapenerako bitartekoak jarriz, orduan bideratu ahal izan dira zabortegien itxierak".
Izan ere, hondakinen gaian "miraririk" ez dagoela dio: "Guk sortutako hondakinak ez dira desagertzen eta ez dira desagertuko. Horregatik zaborrik ez sortzeak ardura politiko eta zibikoa izan behar du. Kontua ez baita Urteta ixtea soilik. Zabortegi gehiago egon ez dadin urrats garrantzitsu eta arduratsuak eman behar ditugu kalean, auzoetan eta herri osoan". "Guztion ardura" dela gogoratu dute Zarauzko EH Bilduko kideek, "gauden lekutik eragin behar dugu eta arduraz jokatu". Zentzu horretan, koalizioa osatzen duten alderdiek—Sortu, Aralar eta EA— arduraz jokatzeko deia egin dute ahalik eta gehien birziklatzea lortzeko.
Alderdikeriarik gabe
Zarauzko Hondakinen Mahaian eztabaida eta desadostasunak egon diren arren, gutxieneko akordioetara iritsi direla eta horrek babes zabala jaso duela esan dute, eta hori guztia "aberasgarria" dela. Hala ere, lorutako oinarrizko akordiotik harago adostasuna eta konpromisoa lortu behar dela nabarmendu dute, "alderdikeriarik gabe".