Amets Arzallus eta Joanito Dorronsorok eman zioten hasiera Euskara bestela ez gara hitzaldi zikloari. Datorren astean segituko du Paula Kasaresen hitzaldiarekin, hori asteazkenean, hilak 26, 18:30etan Alondegian izango da. Jarraian irakur dezakezue Xabier Azkue udaleko euskara teknikariak egindako lehen hitzaldiaren laburpen edo kronika. Gainera, bideoan bildu ditugu Amets Arzallusek esandako ideia batzuk, eta hitzaldi osoa jasotzen duen bideoa ere aukeran daukazue. Joxean Elortzari eskaini zaio aurtengo hitzaldi zikloa, duela gutxi hil den eta euskararen alde hainbeste lan egin zuen irakasleari. Asteazkenean Amets Arzallus eta Joanito Dorronsoro puntuka aritu ziren, zikloaren barruko lehen solasaldian. Joanito aritu zen puntuak jartzen, bertsotan bezala, eta batzuetan Ametsen erantzunak osatzen ere bai. Puntu horietako batzuk ekarri ditugu hona. BECeko finala: giroa, ajeak… Amets: Gorputzaldi ederra utzi zidan. Orain oroitzapen bezala ikusten dut eta bere ederrean baditu karga batzuk, ordea. Barne borroka moduko batean nabil txapelarekin. Joanito: Oso pozik eta harro pasatu nuen eguna. Bertsolariek sekulako maila eman zenuten. Ametsek Rodriguezen pertsonaian bota zituen ale haiek ikaragarriak iruditu zitzaizkidan. Bertsolaritzaren garrantzia euskara indarberritzeko. A. Iparraldearen ikuspegitik bertso eskolak euskara jorratzeko dauden baratza nagusiak dira, ikastolekin batera. J. Bertsolari zaharrek ere izan zuten nolabaiteko erantzukizuna euskararekiko. Gero 1980 inguruan bertsoen mundua ikastetxeetara eramatearekin beste pauso garrantzitsu bat [...]