Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa inauguratu dute Orioko Zaragueta Herri Eskolan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 21a

Zaragueta Herri Eskolan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza inaugurtau dute. (Egilea: Aiora Larrañaga) Gaur eguerdian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza inauguratu dute Orioko Zaragueta Herri Eskolan; ikasturte hasieran abiatu zuten 18 ikaslek DBHko lehen maila, eta gustura dira ikastetxeko arduradunak, ikasleak eta gurasoak. Inaugurazio ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, Orioko alkate Beñat Solaberrieta, Orioko udal taldeetako ordezkariak eta eskolako guraso eta ikasleak. Zaragueta Herri Eskolako zuzendari Juanjo Zubizarretak azaldu duenez, ikastetxearentzat eta oro har herriarentzat "urrats garrantzitsua da Zaragueta Herri Eskolan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa eskaintzea. Urte askotako lana izan da eta prozesu horretan bidelagun izan ditugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Orioko Udala. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu bi erakundeei eta gure proiektuan sinesten duten Orioko familia guztiei". Gainera, Zubizarretak gogoratu du Gipuzkoan 2-16 urte bitarteko haurrei zuzendutako hezkuntza integrala eskaintzen duen "lehen" ikastetxe publikoa izango dela Oriokoa. Bestalde, Orioko alkate Beñat Solaberrietak ekitaldian azaldu du, gelak inauguratu badituzte ere, "garrantzitsuena gelen barruan gertatzen dena" dela. "Gelan ezinbestekoa da euskararen lanketa eta hezkuntza sistemaren bidez hori bermatuta dugu. Orain pausu bat aurrera eman eta parkeetan bermatu behar dugu euskararen erabilera".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide