Aitor Olaziregi: "Afizionatu maila gogorra da, alde handia antzeman dut"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 20a

Aitor Olaziregi (Zumaia, 1995) txirrindulari gazteak bihar debutatuko du afizionatu mailan, Zumaiako VI. Sarian parte hartuta. Parte-hartzaileetan gazteena izango da zumaiarra. Afizionatu mailan debutatuko duzu bihar. Zer moduz sentitzen zara? Afizionatuena maila gogorra da, alde handia antzeman dut jubenil mailatik afizionatu mailara. Orain arte Zumaiako Txirrindulari Taldearekin jokatu izan dut, eta aurten lehen aldiz Zarauzko Hyundai-Caja Rural Niessen taldearekin parte hartzen ari naiz. Oso gustura nago. Pistan entrenatzen jardun zara azken asteetan. Zer moduzko emaitzak lortu dituzu? Egia esan, lehen urtea izanik, mailara ohitzea izan da nire helburu nagusia. Nahikoa gustura nago egin dudan lanarekin; aurrerantzean aire zabaleko probetan ere horrela jarraitu nahinuke. Etxean debutatzeak ez al dizu errespeturik ematen? Noski. Ardura handia da eta urduri nago, etxean lan ona egin nahi dut eta horretan saiatuko naiz. Etxean jokatuta, lasterketako ibilbidea ongi ezagutuko duzu, ezta? Ondo ezagutzen dut ibilbidea, beti inguru horretan entrenatzen baitugu. Orain ezagupen hori praktikan jarri behar dut. Zein helburu dituzu afizionatu mailan? Aurten lehen urtea izanik, mailara ohitu nahi dut eta ahal badut postu onak lortu nahiko nituzke. Asmoa urtetik urtera nire maila hobetu eta emaitzetan ere hobetzen joatea da. Emaitza onak lortzeko gogor entrenatu beharko da, ezta? Bai, sakrifizio handia eskatzen du txirrindularitzak, egunero atera behar baita entrenatzera. Lasterketak ere asteburuero izaten ditut, gainera. Azkenean, kirolean zentratu eta koadrilako martxa alde batera utzi behar izaten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide