Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar VI. Zumaiako Txirrindulari Saria jokatuko dute 10:00etatik 13:00era bitartean, eta lasterketarekin abiatuko dute txirrindulari denboraldia 19 urtetik 26ra bitarteko afizonatu mailako gazteek Hego Euskal Herrian. Denera 200 txirrindulari inguruk parte hartuko dute Zumaiako lasterketan, eta horien artean Aitor Olaziregi zumaiarrak debutatuko du. Olaziregik abenduaren 31n beteko ditu 19 urte, eta lasterketako parte-hartzaile gazteena izango da, gainera.
Zumaiako VI. Saria probak 123 kilometro izango ditu denera. Zumaia, Bedua, Oikia, Muniosoro, Aizarnazabal, Iraeta, Arroa eta Zumaia zirkuitua osatuko dute, eta antolatzaileek ikuskizun polita ikusteko aukera izango dela uste dute. «Ihesaldi ahaleginak egongo dira, baina aurreko bost aldietan esprintean amaitu izan da lasterketa», azaldu dute. «Ikuskizun aparta izango da».
Mota horretako lasterketa bat antolatzeko herritarren babesa eta laguntza ezinbestekoa dela jakin badaki Zumaiako Txirrindulari Elkarteak. «Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu babesleei, euren laguntzarik gabe ezingo litzatekeelako antolatu. Gainera, urteetan Zumaiako Txirrindulari Elkartean jokatu duen Aitor Olaziregiri animoak eman nahi dizkiogu».
Zarauzko taldeen aurkezpena
Zarauzko Txirrindulari Elkartea denboraldian murgilduta dago. Horregatik, igandean 11:00etatik aurrera maila desberdinetako taldeak jendaurrean aurkeztuko dituzte Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan.