Mosaiko erraldoia osatzera deitu dute gaur Zestoako Libre Egunean

Olatz Prat 2014ko otsailaren 21a

Pilota munduaren babesa jaso zuen Ertxinek urrian
(Nerea Uranga) 26/11 eta 35/02 sumarioetan auzipetuta dauden gazteen, Batasunako kideen eta herriko tabernen aldeko Libre Eguna antolatu dute, Zestoan, gaurko. Makroepaiketa horiek salatzearekin bat, babesa emango diote han bildutakoek 35/02 sumarioan auzipetuta dagoen Mikel Arregi Ertxin zestoarrari. 18:30ean mosaiko bat egingo dute plazan. Antolatzaileek dei egin diete herritarrei parte har dezaten erraldoia izatea nahi duten mosaiko hori osatzen. Ondoren sagardoa txotxetik dastatzeko aukera izango da 20:30etik aurrera, plazan. Txartelak salgai daude herriko tabernetan. Urritik auzipetuta 35/02 sumarioan, herriko tabernen auzian daude auzipetuta, besteak beste, Ertxin eta Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak. ETAko kide izatea leporatzen diete. Fiskalak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du Permachentzat, eta hamarna urtekoa Agirrerentzat eta Arregirentzat. Euskal Herriko 110 kultur elkarte ixteko arriskuan dira, gainera. Eskualdeari dagokionez, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe. Joan den urrian hasi zen epaiketa. Mikel Arregi Ertxin 1995ean hasi zen HBren Mahai Nazionalean, Gipuzkoako koordinatzaile politiko, baina 1997an kartzeleratu egin zuten, Mahai Nazionaleko beste kide batzuekin batera. 1999ko uztailean utzi zuten libre. Urrian deklaratu zuen epaiketan. Fiskalak euren lan politikoa ETArekin lotzea salatu zuen, ETAko kide «inoiz ez» dela izan azpimarratzearekin batera. Herri Batasunako eta Mahai Nazionaleko kide zirenean «guk ez genuen inoren agindurik eta antzekorik betetzen», deklaratu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide