Jose Luis Franzesena
(Ane Olaizola)
Jose Luis Frantzesena organo-jotzaileak (Azpeitia, 1942) kontzertuak eskaintzen ditu duela hamalau urtetik Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian; igandeko meza nagusiaren ondoren, ordu laurdeneko saioak ematen ditu azpeitiarrak.
Zer dela eta hasi zinen kontzertuak eskaintzen parrokian?
Frantziako eta Alemaniako katedraletan eta elizetan badago ohitura meza nagusiaren ondoren organo kontzertuak eskaintzeko, eta halaxe hasi nintzen neu ere. Hasiera batean saio gutxi direla ematen du, baina azkenean, urtean hamabi kontzertu handi ematea bezala da. Hasieran igandero egiten genuen, baina orain, hileko aurreneko igandeetan bataioak egoten direnez, gainontzeko igandeetan izaten dira kontzertuak. Azkenaldian Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan ziren organo-jotzaileen piezak ari naiz eskaintzen. Orain arte bi azkoitiarrenak jo ditut; Estanislao Suduperenak eta Jose Larrañagarenak. Azken hau musikaren munduan pertsona garrantzitsua izan zen XVIII. mendean; konpositorea ez ezik, irakaslea ere izan zen, eta organo berriak jartzen zirenean epaimahaikide aritzen zen, orduko musikari ezagunekin batera. Zalduntxoetako bat izan zen, eta hiru kontzertu eskaini dizkiot berari.
Aurrerantzean zein autore jorratuko dituzu?
Igande honetan Jose Tomas Uruñuela musikagilea, musikologoa eta dantzako maisuaren piezak joko ditut; hau ere Zalduntxoetako kide izan zen. Kimikako ikasketak egin zituen, eta gero musika eta dantza irakasle izan zen. Maitia, nun zira abestia abesbatzarentzako egin zuen; egun, mundu osoan kantantzen den abesti hura berak harmonizatua da. 1936ko Gerran Parisera egin zuen ihes, eta han dantza erakusten aritu zen. Donostian kontserbatorioa sortu zuen gero. Era berean, San Petersburgoko balleteko maisua izan zen. Lan ikaragarriak egin zituen. Datozen emanaldietan ere Zalduntxoekin jarraituko dut; Gamarra, Egiguren eta Osinalderen piezak eskainiko ditut. Ondoren, Bach, Haendel, Guilmant... taularatuko ditut. Azkoitiko organoa oso berezia da, eta horietako edozer zoragarri ateratzen da. Oreka oso ona du organo horrek.
Zer dela eta ari zara Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko autoreen piezak eskaintzen?
Elkarteak 250 urte bete ditu; lan ugari egin du, eta oraindik jarraitzen du egiten. Bere garaian, Euskal Herria esnatzeko lan dezente egin zituzten. Omenaldi txiki bat da elkartearentzat.
Bestetik, zer du berezia Azkoitiko organoak?
XIX. mendean organo egilerik ospetsuena Aristide Cavaille-Coll izan zen, eta hark egin zuen azken lan handia izan zen Azkoitikoa. Horrek esan nahi du dagoeneko oso ondo zekizkiela egiten. Altxor bat utzi zuen Azkoitian. Organo bakoitzak bere berezitasun propioak ditu, eta akustikak ere eragina du.
Alde handia al dago organo bat edo bestea jo?
Izugarria. Orain jotzen ari naizen piezak ez dira organo handientzako egokiak; bere garaian organo txikientzako egin zituzten.
Publikoak nola erantzuten du zure emanaldietan?
Gero eta jende gehiago geratzen da kontzertuetan. Mezara ez da jende gehiegi joaten, beraz, ezin dut esan jende asko joaten denik, baina geratzen dira kontzertua ikustera, eta gustura egoten dira. Publiko finko bat badut jada, eta kanpotik ere etortzen dira noizean behin. Niretzako erronka bat da, musika ikasten jarraitzera bultzatzen nauelako. Musika jardunaren bidez ikasten da.
Bizi osoa daramazu organoa jotzen. Oraindik zer ikasirik ba al duzu, ba?
Egunean hiru ordu inguru jarduten dut. 12 urte nituenean hasi nintzen, Arantzazun. 45 urterekin egin nuen karrera, eta handik hasi nintzen ikasten. Bizi osoa daramat ikasten.
Irakasten ere jarduten duzu. Ba al dago lekuko aldaketarik?
Bost ikasle ditut, eta zoragarriak dira; organoa hankapean zutela jaio zirela dirudi. Oso ondo jotzen dute. Badator txanda aldaketa, beraz.