Bihar Zarauzko Putzuzulo gaztetxean Euska Herria-Senegal Adiskidetasun Eguna ospatuko dute. Ibrahim Seck Gorka (Dakar, 1979) eta Baba Gueye Peru (Dakar, 1982) Zarautzen bizi diren senegaldarrek antolatu dute egitasmoa, eta zarauztarrak eta eskualdeko herritarrak festara gonbidatu nahi dituzte.
Zer dela eta antolatu duzue adiskidetasun egun hau?
Ibrahim Seck: Gure asmoa kulturartekotasuna zabaltzea da. Hasieratik oso ondo hartu gaituzte hemen, eta bertakoei gure kultura ezagutarazi nahi diegu, bi kulturen arteko harremanak sendotu daitezen.
Zer dela eta antolatu duzue festa Putzuzulo gaztetxean?
Baba Gueye: Gaztetxeko kideek gure artea adierazteko tokia utzi digute bertan, gaztetxean baitugu entsegu lokala.
I.S.: Gainera, gaztetxea kulturaren arteko bilgunea da, jatorri guztietako herritarrak gara bertan ongietorriak, inongo bereizketarik gabe. Horregatik pentsatu genuen Euskal Herria-Senegal Adiskidetasun Eguna ospatzeko toki aproposa zela.
Egitarau zabala antolatu duzue. Esaterako, egun osoan zehar iraungo du dantza tailerrak, ezta?
I.S.: Dantza afrikarren kurtso intentsibo bat egingo dugu: ikasleek perkusio afrikarra jotzen eta dantzatzen oinarrizko maila lortuko dute. Erritmo afrikarra ez da ahazten, eta Euskal Herrian bertako erritmoarekin nahastu daiteke gainera. Oro har, bi kulturen artean antzekotasun handia dago, eta musikaren eta dantzaren bidez bi kulturak gerturatu daitezkeela uste dugu.
B.G.: Senegalen sabar izeneko musika tresna dugu, eta hori ere erabiliko dugu ikastaroetan; horretaz gain, arratsaldean eta gauean joko duten musika talde batzuek ere erabiliko dute sabar-a. Emanaldi ikusgarri batez gozatzeko aukera izango da, beraz.
Senegalgo jakiak dastatzeko aukerarik izango al da herri bazkarian?
B.G.: Mafea izango da plater nagusia, eta yassa prestatuko dugu beganoentzat eta begetarianoentzat. Mafea Senegalen eta, oro har, mendebaldeko Afrikan plater oso ezaguna da.
I.S.: Mafeak oinarrian kakahuetez egindako saltsa bat du, eta hori barazkiekin eta haragiarekin nahasten da. Senegalgo jakiek bizigarria edukitzen dute, baina guk aparte eskainiko dugu, nahi duenak gehitu diezaion. Horretaz gain, bissapa-ren eta baobapa-ren zukuak ere eskainiko ditugu. Baobab zuhaitza Afrikan esanahi handiko zuhaitza da.
Musikari dagokionez, eskaintza zabala prestatu duzue. Zer nolako musika izango da?
B.G.: Gaueko kontzertuetan gure taldeak, Patera Style taldeak, joko du. Horretaz gain, Hernaniko eta Bilboko musika taldeak ere etorriko dira. Hainbat musika estilo eskainiko dituzte: hip-hop-a, reagge-a, afromusika eta beste hainbat.
I.S.: Gainera, beste hainbat taldek munduko musiken arteko fusioa eskainiko dute. Kulturartekotasuna da festa honen helburua. Beraz, herritar oro bertara gonbidatu nahin dugu: denak izango dira ongietorriak.