Urte honetako aurrekontua onartu zuen astelehenean, otsailaren 17an, Orioko Udalak Bildu eta Orainen aldeko botoekin. EAJk kontrako botoa eman zuen berek nahi lituzketen aurrekontuak ez direlako. Ogasuna eta pertsonaleko batzorde informatzailean diktaminatua izan zen gaia otsailaren 11n eta udalbatzarrean onartuta, zehaztuta geratu dira 2014ko sarrera eta gastuen zenbatekoak: 6.521.227 euro –2013koa baino 1.453.623 euro gutxiago–.
Behin behineko onarpena emanda jendaurrean jarriko dira aurrekontuak eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 laneguneko epea izango du nahi duenak alegazioak egiteko.
Sarrerei dagokionez, zerga zuzenen eta tasa eta bestelako sarrera batzuen bidez jasotakoak egingo du gora zertxobait. Gainerako ataletan, iazkoan baino gutxixeago jasoko du Orioko Udalak. Kapital transferentzien kasuan nabarmena da jaitsiera: 422.908 euro ziren 2013an eta 42.718 euro aurten.
Gastuetan, berriz, inbertsio errealen kapituluan beherakada nabarmena izan dute aurtengo aurrekontuek iazkoekin konparatuta. 1.3783530 euro aurreikusi zituen Udalak 2013rako eta 2014rako, aldiz, 418.718 euro. Transferentzia arruntek, baina, gora egingo dute 931.092 eurotatik 1.123.461 eurotara. Horrez gainera, kapital transferentzietan ez da gasturik aurreikusten eta gainerako ataletarako iazko antzerako partida bideratuko du Udalak.
Bai sarreren eta baita gastuen kasuan ere, finantza aktiboetarako eta pasiboetarako ez da partidarik aurreikusten aurtengoan.
Aurrekontuak osorik irakurtzeko klikatu hemen.
Baiezkoa Udalaren 2014ko pertsonal organikoari eta lanpostuen zerrendari
Otsailaren 11ko Ogasuneko eta Pertsonaleko Batzorde Informatzailean diktaminatu ondoren, aho batez onartu zituzten Udaleko alderdiko kide guztiek 2014ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda. 2013 urtekoekin alderatuz, bi aldaketa izan ditu aurtengoak: alde batetik eskola kontserbazio arduradunaren lanpostua libre geratu da –atezain berria aukeratzeko prozesua martxan dago–, aurre erretiroa hartu duelako. Bestetik, 15 izango dira izaera mugagabeko musikako irakasleak aurten, iaz baino hiru gehiago.
Ordenantza fiskalak puntuz puntu
Banaka aztertu zituzten ordenantza fiskaleko puntuak, horietako batzuk batzorde informatzailean eztabaidatuak izan baziren ere, beste asko jorratzeko dituztelako udal ordezkariek. Bilduren eta Orainen babesarekin onartu ziren ordenantza fiskalak. EAJk, bere aldetik, ezezkoa eman zuen ordenantza fiskalekiko emandako botoa berretsiz.
- Arraunetxeko tarifa berriak.
- Azokako tarifak. Orion erroldatu gabe daudenei %15eko igoera aplikatzea proposatu zen.
- Kiroldegiko tarifak. %7,5 eta %5eko igoerei KPIa igotzea erabaki zen.
- Landalurreko ibiaren zerga. 1.12koa izatea zuen onartua Udalak, baina legez gehienez ere 1.10ekoa izan behar duenez, kopuru horretara egokitzea onartu zen.
- Terrazak jartzeko tasak. Herria zonaldeka banatuta dago terrazak jartzeko tarifak zehazteko orduan. Honen baitan bost puntu onartu zituzten: A zonaldeari kasko historikoa deitu ordez Goiko kalea esatea; A eremuan Ortzaika ere sartzea; A zonaldeko hobariak establezimenduak irekitzeko tasetan eta urteroko tasetan aplikatzea; mahaiak eta aulkiak jasotzen ez dituztenei kokapenaren araberako deskonturik ez aplikatzea; eta A zonaldean Abaromendi sartzea.
Bide publikoa erabiltzeko udal ordenantza onartuta
Herriko merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-sektoreek etengabe egokitu behar izaten dute herriko aldaketetara kalitatezko arreta emateko. Orioko Udalak ere etengabe aldatzen ari den testuingurura egokitu behar duela-eta, ordenantzak, erregulazioak eta araudiak errealitate horietara egokitzeko beharra ikusi du Udal Gobernuak.
Herriko nortasun ikurrak eta erakargarritasuna mantentzeko estrategia orokor baten barruan kokatu du Orioko Udalak ordenantza hau. Gune publikoaren paisaia eta irisgarritasuna ondorengo irizpideen arabera zainduko ditu ordenantzak:
- Harmonizazioa
- Antolamendua
- Ostalaritza eta merkataritzaren arloan kalitatezko zerbitzuak sustatzea
Urtarrilaren 30eko batzar informatzailetik diktaminatuta zetorren eta Orain eta Bilduren baiezko botoarekin onartu zen ordenantza.
Orioko bizitokirako lurzoru urbanoen erabilera
Orioko eremu jakin batzuetako erabilera aldatu du Orioko Udalak udalbatzarrean aho batez onartuta. Horrela, eremu horretako etxebizitza berriaren jabeak diru bidez eskualdatzea erabakitzen badu, Udalak izango du etxebizitza erosteko lehentasuna. Hitzarmen-kontratua sinatu eta ondorengo 5 urteetan –10 ziren orain arte– erabili ahal izango du Udalak lehentasunez erosteko eskubidea.
Errezabal-Munioeta bidearen zati bat bat desafektatuko dute
Errezabal eta Munioeta arteko bidearen zati bat desafektatzea onartu zuten aho batez udalbatzarrean, gaiari lehen onarpena emanez. Espedientea jendaurrean egongo da hilabeteko epean. Horrez gain, desafektatuko den lur zatiaren jabe bakoitzari erabakiaren berri pertsonalki eman beharko dio Udalak. Ondoren, gaia udalbatzarrera eraman beharko dute udal ordezkariek behin betiko onarpena emateko.
Hondartzako Txalupa taberna lehiaketara
Antilla hondartzako ostalaritzako 2. eraikina kudeatzen zuen enpresak utzitako 37.430,4 euroko zorra kitatzeko proposamena onartu zen lehendabizi. Horrela, hilabete honetan 7.434 euro ordaindu beharko ditu enpresaren jabeak. Gainerako 30.000 euroak hiru zatitan pagatu beharko ditu: 10.000na euro 2014ko abenduan, 2015eko abenduan eta 2016ko abenduan. Horrez gain, atzeratutako kopuru bakoitzari legezko interesa aplikatuko zaio; aurtengoari, %4 interesa gehitu behar zaio horrela.
Bestalde, ostalaritza eraikin hori esleitzeko lehiaketa martxan jarriko du Udalak berriro ere. Pleguak prest daude, tramitazioa ohikoa izango da eta prozedura irekia izango du. Kontratuaren iraupena 10 urtekoa izango litzateke, eta eraikinak atzean duen eranskina bota egingo da.
Lehiaketako baldintzen aldaketen artean, aldaketa batzuk izango dira:
- Informazioa emateko garaian lau hizkuntzatan –euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa– emateko gaitasuna izan beharko du aurrerantzean jabe berriak.
- Birziklatzeari dagokionez, frakzio guztiak birziklatu beharko dituzte bertan: papera, ontzi arinak, beirak, organikoa eta olioa.
- Komunak publikoak izango dira, eta mantentzea kontzesiodunaren esku geratuko da. Komunen erabilpen publikoa galarazteak zigor larriak izango ditu.
Behin iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialen argitaratu eta hurrengo 26 egun naturaletako epea izango dute interesatuek lehiaketara aurkezteko.
Orainen eta Bilduren aldeko botoekin onartu zen. EAJk kontra bozkatu zuen.
Arkaitz Bellon Blancoren familiari elkartasuna
Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza dela-eta aho batez onartutako adierazpen instituzionalak honela dio: Arkaitz Bellon Blanco elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1100 kilometrotara, hilda agertu da otsailaren 5ean, bere zigorra osatzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean. Heriotza honen aurrean Orioko Udalak bat egiten du Bellonen familiaren saminean, atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz hauetan. Era berean, irmoki eskatzen du heriotza argitu dezatela eta bere familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala, gardentasun osoz. Horregatik, Orioko Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin eta konfiantzazko medikuak autopsian parte hartzea eskatzen du.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko, beste urrats bat emateko gonbita luzatu zuen Udalak. Inoiz baina beharrezkoagoa ikusten du eskubide guztien ade egiten dutenek bat egitea sufrimenduaren soka luzearekin amaitzeko.