Enpresaren itxieraren aurka, itxialdia hasi dute TSko langileek

Zestoako Hitza 2014ko otsailaren 20a

Zestoako langileak, gaur, itxialdiaren hasieran
(Ane Olaizola) Zestoako TS Fundicioneseko langileak suminduta dira, gaurko agerraldian argi erakutsi zutenez; zuzendaritzak enpresaren itxieraren berri eman ostean, langileek berretsi dute «alternatibak» badirela, eta horretarako proiektua egin dezan exijitu diote jabeei. Era berean, berretsi dute «lantegiaren alde negoziatzeko prest» egongo direla beti. «TSrengan sinesten dugu, eta etorkizuna duela uste dugu», berretsi dute. Agerraldiaren ondoren itxiera hasi dute Zestoako kiroldegian. 24 orduz egongo dira itxita han, enpresaren likidazioa, eta beraz, 156 langileren kaleratzeak salatzeko. Itxialdia amaitutakoan manifestazioa egingo dute bihar, 12:00etan, Zestoako kaleetan. TSko akzionisten izen-abizenak eta Errudunak irakur zitezkeen orriak eskuetan, enpresaren azken urteetako kudeaketa izan zuten hizpide langileek, eta «gezurra gezurraren gainean» jasan dutela salatu dute. Hain zuzen, gogoratu dute bi urtetan kaleratzerik ez izatea adostu zutela iaz, eta horri eustea aldarrikatu dute. Jabe berdinena den Itziarko WEC enpresaren «mesedetan», TS «kaltetu» dutela azpimarratu dute. «Bi familien arteko eta langileon gatazkaren aurkako mendeku politika baten erdian gaude». «Gezurretan» aritzeaz gain, bideragarritasun plan egonkorrik aurkezteko gai ez direla izan egotzi diete zuzendaritzari. Hori hala izanik, ohartarazi dute ez dutela onartuko zuzendaritzak errua eurei botatzea. «Kale gorrian, pobreziara» Zuzendaritzak joan zen ostiralean eman zuen itxieraren berri, «akordioak lortzeko ezintasunak» eta zorrak bultzatuta. 28 milioi euroko zorra du lantegiak. «Gure susmoek, akordioa bilatzeko konkurtsora aurkeztu izana, enpresa ixteko aitzakia besterik ez zela pentsarazten ziguten. Tamalez, susmoak egi bihurtu dira». Orain, «kale gorrian eta pobrezian» murgilduko direla ohartarazi dute; «bazterketa sozialera eramango gaituzte, izen-abizenekin». Azken urteotako Lan Erregulazio Txostenen ondorioz, langabezia saririk ez dutela izango gogoratu dute. Urtarrilaren 10ean onartu zuen epaileak 50 langile kaleratu eta aldi batez 48 langileri kontratua etetea. Haren bideragarritasuna negoziatzeko bilera bat egin zuten duela aste batzuk; «aurkezpena besterik ez zen izan. Hurrengoan, likidatu egingo zutela esan ziguten». Hala, «negoziatzeko aukerarik ez» dutela izan salatu dute. «Negoziazio erreal batean sinestu izan dugu beti, baina zuzendaritza itxi batekin aurkitu gara uneoro». Zuzendaritzak dagoeneko aurkeztu du enpresa likidatzeko eskaera Donostiako lan arloko epaitegian. Epaileak hori onartzen badu, hilabeteko epea izango dute itxiera negoziatzeko. Kontratuak eteteko negoziazio mahaia osatzeko dei egin zien atzo zuzendaritzak. Horrez gain, gogoratu dute kobratu gabe bada ere lanera joaten aritu direla, «TSren mesedetan ari ginelakoan». «Deskapitalizazio beldurgarriaren» aurrean, berriz, Eusko Jaurlaritzari dei egin diote «gutxi batzuen interesak defendatzeari utzi» eta TSko «injustiziaren aurrean» hango langileen alde posizionatu dadin eta eskualdeko enpresentzat «benetako politika industrialak» martxan jarri ditzan. Enpresan hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte azken hilabeteetan langileek; zentzu horretan, «kriminalizatuta» sentitzen dira; «ekitaldi bakoitzeko Jaurlaritzaren indar armatuek zaintzen gaituzte, kriminal hutsak bagina bezala».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide