Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eneko Etxeberria
Azpeitiko alkatea (BIldu)
«Azpeitiko Udalak berri oso positibotzat jo du Urteta zabortegia ixteko proposamena. Behin eta berriz esan dugu guk ez dugula nahi inork gu sufritzen ari garena sufritzerik. Aldundiak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak proposamena eta egutegia finkatzea bera ere oso garrantzitsua da, baina zuhurtziaz jokatu behar da, inork oztopatzeko tentazioa izan dezakeelako. Espero dugu gaia ika-mika politikotik kanpo geratzea. Proposamenak erakusten du errauste plantarik gabeko alternatiba badagoela, eta gakoa denok birziklatzea dela. Ez genuke ulertuko inork honen kontra egiterik, herritarren interesak eta kasu honetan zarauztarrenak defendatzen dituelako. Hori babesteko eskatzen diegu alderdiei, Azpeitian onartutako mozioak dioen bezala, zabortegiak itxi egin behar direlako. Espero dugu aldundiak eta GHK-k Azpeitiko zabortegia ixteko ere antzeko proposamen tekniko bat lantzea».
Mariana Aranburu
Zarauzko Ezker Anitzako zinegotzia
«Oso ongi iruditzen zaigu errauste plantaren proiektua gelditu izana. Urteetan zehar eskatu dugu hori. Eta zentzu horretan, diputazioak proposatutakoa babesten dugu. Guk 2010ean Zero Zaborrekin batera Urteta ixteko eskatu genuen, baita gure programan jaso ere. Hala ere, zabortegiak ixteko beharrezkoa da hondakinak murriztea. Zarautzen, zoritxarrez, nahiko atzeratuta gaude. Orain Bilduk ontzat eman du EAJk eta PSE-EEk hobetsitako eredua: txipdun edukiontzien bilketa sistema. Hori aztertzen ari dira orain. Oso garestia izateaz gain, ez dakigu zein emaitza emango duen horrek. Dena den, birziklatzeak derrigorrezkoa izan behar du eta horretarako edukiontzi berdea kendu behar da. Zabortegia ixteko egitura alternatiboak ere behar dira, eta aldundia berandu dabil. Azpiegitura horiek dagoeneko martxan egon beharko lukete. Espero dugu asmo hori benetakoa izatea; ez izatea azpijoko politiko bat».
Patxi Elola
Zarauzko PSE-EEko zinegotzia
«Zarauztarrentzat berri ona da zabortegiaren itxierarena. Orain dela gutxi PSE-EEk aurkeztu zuen horren inguruko mozioa, eta alderdi guztiek babestu zuten. Aldundiak aurkeztutako alternatiba, ordea, ez dut argi ikusten. Konpost plantak eta TMB planta eraikitzea egokia dela deritzogu, baina hondakin geldoen gordailuarena ez dugu argi ikusten. Bertan jasoko den hondakin kopurua murritza izan dadin lanean ari gara, baina hasieran ez da hain txikia izango. Eta, finean, beste zabortegi bat izango da gordailu hori. Ez dakigu non kokatuko duten eta horrek kezkatzen gaitu gehien. Beraz, itxaron egin beharko dugu diputazioak plana bere osotasunean aurkezten duten arte. Edonola ere, hondakin geldoak Zarauztik beste nonbaitera eramatea pozgarria da, urte askoan pairatu baitugu zama hori. Baina ez diot inori desio geldoentzat biltegi bat bere inguruan izatea. Horregatik, gure nahia errauste planta egitea zen».
Maria Jose Lafuente
Zarauzko PPko zinegotzia
«Urteta zabortegia ixtea oso positiboa da, batez ere, urteetan zehar horren ondorioak jasan dituzten zarauztarrentzat. Hala ere, espero dugu zabortegiaren zigilatzea behin betikoa izatea, eta ez errepikatzea San Markosekin gertatu zena. Gogoratu behar da Bildu hura irekitzen saiatu zela garai hartan hondakinak kudeatzeko beharrezko azpiegiturarik ez zegoelako. Urteta itxi egin behar da, hala dio Europako zuzentarauak. Bestalde, nabarmendu nahi dut Bilduk ez duela Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorrik. Horrek hondakinak tratatzeko azpiegiturak behar direla jasotzen du, baina egun Gipuzkoan ez dago halakorik martxan. Horregatik, gaur [atzo] argazkian ateratzeaz gain, Urteta zigilatu ostean hondakinak non eta nola tratatuko dituen azaldu beharko liguke Bilduk oposizioari zein herritarrei. Oraindik orain ez dugu irtenbiderik ikusten hondakinen gaian».
Aitor Gorrotxategi
Azpeitiko EAJko zinegotzia
«Lapatx inolako baldintzarik gabe ixteko exijitzen dugu eta Errazkini esandakoa betetzeko eskatu. Izan ere, ez da lehenbiziko aldia Bilduk Lapatx ixteko epea iragartzen duena. 2012an zabortegiak dituzten hiru herrietako alkateak—Azpeitikoak, Beasaingoak eta Zarauzkoak—2014ko abenduan itxiko zirela hitza eman zuten. Orain iragarpen berri hau eginda, itxiera epea lau hilabetez atzeratu dute. Hala ere, espero dugu oraingoan egi bihurtzea. Era berean, eskatzen dugu hondakin geldoen zabortegi berririk ez kokatzeko Lapatxeko lurretan edo Azpeitiko eremuetan. Orain Azpeitiko Udalari dagokio zabor bilketaren arazoari behingoz heltzea. Udalak aho batez onartu zuen bosgarren edukiontziaren sistema garatzeko erabakia, eta oraindik ez da gai hori arautu. Aurten egin behar da hori. Horretarako, hain zuzen, 30.000 euroko diru saila onartu zuen Udalbatzak, EAJk proposatuta».
Aitor Aranguren
Azpeitiko Hamaikabateko zinegotzia
«Hondakinen gaian zabortegiak ixteak izan behar du helburua, bestela ez gara ari ondo. Europako zuzentarauak ere esaten du zabortegiak azken aukera izan beharko duela, baina hemen gehiena zabortegietara bidaltzen ari gara gaur egun. Beraz, horrek bukatu egin beharko lukeela uste dut.
Arazoa da zabortegiak itxi ahal izateko azpiegitura batzuk martxan jarri behar direla; hor dago korapiloa. Plan bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina hondakinen beste plan bat, arau foral bat, dago indarrean momentu honetan. Beraz, zaila ikusten da zabortegiak ixtea egoera honetan».
Imanol Lasa
Zarauzko EAJko zinegotzia
«Albiste ona da, eta oso pozik gaude, baina Urteta ixtearen asmoa aspaldikoa da, aurreikusitako zerbait iragarri dute. Bigarren parte bat ere badu, ordea. Galdera asko daude erantzun gabe. Zabortegiak itxita, geldituko diren hondakin edo errefusarekin zer egingo den, hori nola kudeatuko den ez dute azaldu. Bilduk hau ez badu ondo konpontzen, posible da berriz ireki behar izatea Urteta. Oraindik ez du plana aurkeztu Batzar Nagusietan, eta adostasuna lortzearen erronka du. Baina bitartean indarrean den arau foral bat hausten ari da: zabortegiak itxi eta geratzen zena erraustea jasotzen zuen plana, alegia».
Alejandro Vazquez
Atez atekoaren kontrako plataforma
«Ni Atez atekoa ez, birziklapena bai Zarauzko herri plataformako kidea naiz, baina honakoa neure iritzi pertsonala da. Plataforma ez baitzen sortu gai hau eztabaidatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ibilbidea ikusita eta gauzak nola joan diren kontuan izanda, Urteta itxita ikusi arte gu ez garela batere fio argitu nahiko nuke. Hasiera batean data bat zehaztu zuten, geroago beste bat... Gure nahia Urteta berehala ixtea da, berehala. Ez dakit zer erabakiko duten, baina hitz soiletan ez geratzeko eskatzen diet; egiteko eskatzen diet. Nola itxiko duten, deskaltzifikazioa nola egingo den... Gauza asko dago zehazteko oraindik».
Leire Etxaniz
Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakaria
«Lapatx zabortegia ixtea jasotzen duen proiektua oso positiboa da. Gainera, proiektua Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko proposamena da. Horrek, birziklapenaren aldeko ahalegina eskatzen du eta Europak markatzen duenaren bidean doa. Zabortegiak itxi nahi baditugu, hor dago proposamena mahai gainean. Proposamenean dago jasota horretarako modua. Zabortegiak benetan itxi nahi baditugu, beste alderdiei oztoporik ez jartzeko eskatuko nieke. Lapatxi dagokionez, gogorarazi behar dugu 2009an Lapatx handitzeko erabakia hartu zuela orduan agintean zegoen EAJk».
Inhar Agirrezabal
Zarautz Zero Zabor taldeko kidea
«Berri pozgarria da Zarauzko Urteta zabortegia itxiko dutela jakitea. Horren aurrean, hondakinak birziklatu eta bereizteko indarra egin beharko da orain, herrietan hondakinen tasa murrizte aldera. Hain zuzen, hori da aurrerantzean ere bultzatu beharko dena. Zarauzko Hondakinen Mahaiak bere ibilbidea bukatu du dagoeneko, eta orain erabaki beharko da zein sistemak ahalbidetuko duen hondakinen gaikako bilketa tasa altuagoa. Zabortegirik gabeko etorkizun bat ahalbidetuko duen hondakinak biltzeko sistema zehaztu beharra dago. Horren zain gaude Zarautz Zero Zabor taldeko kideak».