Pixoihal berrerabilgarrien sustapen kanpaina abiarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak

Olatz Prat 2014ko otsailaren 20a

Ezkerretik eskuinera, Alaitz Oruesagasti, Gloria Urkola, Ainhoa Iraola eta Leire Etxaniz. O. PRAT   Haurren pixoihal bererabilgarrien Etorkizuna da sustapen kanpaina abiarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker eta Meitaimaitiekin batera. Haur txikiak dituzten eskualdeko gurasoak pixoihal berrerabilgarriak erabiltzera gonbidatu nahi dituzte. Horretarako informazio hitzaldiak eskainiko dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Bidania-Goiatzen, fardel berrerabilgarriak zer diren, nola erabili behar diren eta zein abantaila dituzten azaltzeko. Kanpainan parte hartzen duten 50 familiek pixoihalek merkatuan duten prezioaren gaineko %50eko deskontua jasoko dute. Izan ere, beste erdia Urola Erdiko Mankomunitateak ordainduko die. 50 familiak baino gehiagok parte hartuko balute, aurrez zehaztutako irizpide batzuen arabera osatuko litzateke hobaria jasoko duten familien zerrenda. Egitasmo hau Urola Erdiko Mankomunitatearen 2013-2020 Hondakinen Prebentzio Planean kokatuta dago. Hondakinak gutxitzea xede Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Ainhoa Iraolak eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari Leire Etxanizek prentsaurrekoan adierazi dutenez, «zaborraren murrizketa» da kanpaina honen helburu nagusietako bat. «Hondakin onena, sortzen ez dena» dela azpimarratu du Iraolak: «Hondakinen alorrean argi dago zein den norabidea; Zero Zaborreranzkoa, zaborrik ez sortzea eta sortzen dena birziklatzea», gaineratu du. Horregatik, «txalogarria» iritzi dio pixoihal berrerabilgarrien aldeko sustapen kanpainari, «norabide horretan ekarpen funtsezkoa egingo baitu». Maitaimaitieko ordezkari Gloria Urkolak hiru argudio jarri ditu mahai gainean pixoihal berrerabilgarrien erabilera sustatzeko: lehenik eta behin, haurraren osasuna, «beti ere hobe delako oihalezko fardel bat, produktu toxikoak dituzten pixoihalak baino», adierazi du Urkolak. Horrez gain, arrazoi ekonomiko bat ere badela azpimarratu du: «Haur batek guztira behar dituen pixoihalek 1.800 euro inguruko gastua du; aldiz, pixoihal berrerabilgarriak erabiliz gero, 220 euro ingururekin osatuko litzateke». Azkenik, eta Iraolak eta Etxanizek esandakoaren haritik, bada arrazoi ekologiko bat ere: «Pixoihal komertzialekin 1,5 tona hondakin sortzen da haur bakoitzeko; pixoihal berrerabilgarriekin, %20 murriztuko litzateke kopuru hori». Eskualdeko gurasoak pixoihal berrerabilgarriak erabiltzera animatu nahi dituzte sustatzaileek. Etorkizuna da kanpainaren izenburuak haurrei ez ezik, hondakinak murrizteari egiten dio erreferentzia. Hitzaldien egitaraua
  • ZESTOA: Otsailak 25, asteartea, 18:00etan, udaletxean.
  • AZKOITIA: Otsailak 27, osteguna, 18:00etan, Elkargunean.
  • AZPEITIA: Martxoak 1, larunbata, 11:00etan, Sindikatu Zaharrean.
  • BIDANI-GOIATZ: Martxoak 6, osteguna, 18:00etan, udaletxean.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide