Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezohiko plenoa egingo dute martxoaren 5ean, Udal Gobernuak osatu dituen 2014rako aurrekontuak aurkeztu eta behin-behinean onartzeko helburuarekin. Aurrez, otsailaren 27an batzordea egingo dute gainontzeko alderdi politikoekin, aurrekontuen irizpena egiteko. Dagoeneko amaitu dute aurtengorako diru partidak osatzeko Udal Gobernuak otsailean abiatu zuen parte hartze prozesua. Denetara 13 bilera egin dituzte, sei auzoz auzo eta zazpi herriko askotariko alorretako eragileekin. Horrez gain, sei postontzi jarri dituzte herriko hainbat puntutan zarauztarren ekarpenak idatziz jasotzeko. Era berean, internet bidez ere bildu dute herritarren iritzia, zuzarautz.info atariaren bitartez. Bileretako partaidetza lehenbiziko urtetik —aurten hirugarren urtez antolatu dute parte hartze prozesua— jaitsi den arren, postontzien bidez ekarpen asko jaso dituzte. "Lehenbiziko aldia da bide hori jartzen duguna herritarren eskura eta balorazio positiboa egin dugu. Horiek aukera eman diete bileretarako joan ezin izan dutenei iritzia emateko", nabarmendu du Jabier Etxaburu zinegotziak. Zentzu horretan eskerrak eman dizkiete zarauztarrei: "Guztion inplikazioa ezinbestekoa da orain arte bezala Zarautz guztion artean eraikitzen jarraitzeko".
Ekarpenei dagokionez askotarikoak izan direla azaldu du, "asko herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten kontuak". "Ikuspuntu ekonomikotik kontu txikiak izan arren, lehentasunezko argiak dira udalarentzat. Herritarrek dira herriaren eguneroko arazoak bizi dituztenak, eta hauen zerbitzura egin nahi du lan udalak". Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak Zarautz Ehuntzen plan ekarpen horiei esker sortu zutela gogoratu du: "Dena den, Ehuntzen ez da mugak ezartzen dituen plan mugiezin bat. Horregatik, aurtengo parte-hartze prozesu honekin hori indartu eta moldatzeko balioko dute. Ezinbestekoa baita udalarentzat herritarren beharrekin batera, udalaren jarduna eta, ondorioz, herria
bera ere aldatzen joatea".
Orain herritarrekin bildutakoa garatzea udalari dagokiola esan du horrek, gainontzeko alderdiekin adostu ostean. Akordio batera heltzeko lanetan ari da orain Udal Gobernua oposizioarekin eta horretarako bilduko dira hilaren 27an, ez ohiko plenoan behin behinean aurrekontuak onartze aldera.