- Zabortegirik ez. Zabortegirik gabeko proposamena da, horretarako gaur egungo Gipuzkoako hirurak itxi egingo dituzte.
- %60ko gaikako bilketa, 2016rako. Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorrak (GHHKPO) jasota bezala, 2016. urterako hondakinen %60 gaika biltzea aurreikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenak. «Horrek suposatuko du 130.000 tona hondakin ez direla gaika bilduko. Hori dena, Zubietan eraik¡ko den tratamendu mekaniko-biologikoko plantara eramango da», esan du Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak.
- Gipuzkoan bertan, bertako dena. Proposamenari bide emanez gero, Gipuzkoan sortutako hondakin guztiak bertan tratatzeko aukera egongo dela esan dute. - Sortutako hondakinen %100 tratatzea du helburu proposamenak, «hauek ahalik eta ingurumen eragin txikiena sortu dezaten», adierazi du Ainhoa Intxarraundieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakariak. «Material birziklagarri guztiak berreskuratuko dira, gaikako bilketa bidez jasotako materia organikoa konpostatuko da eta garbitasun gutxiko materia organikoa eta errefus birziklaezina egonkortuko».
- Azpiegiturak martxan. 2015 urtearen bukaerarako proposamenean jasotako azpiegitura guztiak martxan jarri nahi dituzte. «Horiek martxan jartzearekin batera Gipuzkoan gaur egun ditugun hiru zabortegiak itxita eduki nahi ditugu, hori da gure apustua», esan du Errazkinek.
- Zabortegiak itxi. Zarauzko Urteta, aurtengo abenduaren 31rako; Azpeitiko Lapatx, 2015eko apirilerako; eta, Beasaingo Sasieta datorren urtearen bukaerarako.
- Konpostatze plantak, hiru: - Azpeitian, Lapatxen. Gaur egun eraikita eta martxan dago. Urtean 3.500 tona hondakin organiko tratatzeko gai da. - Bergaran, Epelen. Eraikitzen ari dira, eta urtearen bukaerarako amaitu eta 2015eko urtarrilean martxan jartzea nahi dute. 10.000 tona tratatzeko gai izango da. Gipuzkoako etxeetan gaika bildutako hondakin organiko garbia izango du lehengaia, eta A+ kalitateko konposta sortzeko diseinatu dute. - Zubietan. Hasieran 20.000tonatik 30.000 tona arte tratatzeko gai izango da. Baina malgua izango da bere gaitasuna, eta ahalmena handitzeko aukera izango du. Konpostatze planta hau datorren urtearen bukaerarako martxan izatea aurreikusi dute.
- Tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat (TMB), Zubietan : Gaika biltzen ez den hondakin guztiak hartuko ditu. Aurtengo azaroan eraikitzen hasi nahi dute, eta datorren urtearen bukaerarako lanean hastea da asmoa. - 2016an 130.000 tona hondakin hartuko dituela aurreikusten dute. «Baina ahalmen handiagoa ere izango du, urtean 170.000 tona tratatzeko ahalmena izango baitu», esan du Errazkinek. - Planta honek hondakinak bereizi eta gero tratatu ondoren, materialaren zati bat birziklatzeko bidea emango du. Gainontzekoari, prozesu biologikoaren bitartez pisua eta bolumena kenduko zaio. Materia organikoa egonkortuz, hartara bizigabetu edo geldotu egingo dute. «Prozesu honekin erdira murriztuko da errefusa. Bukaeran, 65.000 tona geldituko zaizkigu», esan dute. «Gaur egun zabortegietara isurtzen dena baino lau aldiz gutxiago da».
- Hondakin geldoen biltegia : Biltegi honen kokalekua oraindik ez dute zehaztu, aurten erabakiko dutela esan dute, «Lurraldearen Arloko Plana aldatzeko prozesuan eta balizko hainbat aukera aztertu ondoren, legeak agintzen duen moduan». Bizigabetutako materia jasoko luke biltegi honek. «Usainik eta lixibiaturik ez du sortuko, kutsatuko ez duena izango da», adierazi du Errazkinek.
- Beste azpiegiturak: - Transferentzia estazioak. Lau. - Ontzi arinen plantak. Bi. - Garbiguneak. Hogei.
- Batez beste urtero berreskuratu eta birziklatuko direnak. - Ontzi arinak eta plastikoa. 15.000 eta 20.000 tona artean. - Papera eta kartoia. 10.000 eta 15.000 tona artean. - Beira. 8.000 eta 10.000 tona artean. - Materia organiko zikina. 95.000 tona, gero lehortu eta egonkortu eta 30.000 tonatara jaitsiko da. «Material hau ezin da ongarri gisa merkaturatu, baina kaltetutako eremuak errekuperatzeko edo zabortegiak estaltzeko balioko du», esan du GHK-ko arduradunak.
- Azpiegitura guztien kostua. 131 milioi eurokoa da. - Zubietako Hondakinen Kudeaketarako zentroa. 71 milioi euro. - Bergarako, Epeleko, konpostatze planta. 8 milioi euro. - Besteak. Lur erosketak, azpiegituren eguneraketa lanak, transferentzi estazioak eta hondakin geldoen biltegia: 52 milioi euro.
- Lanpostuen sorrera. 100 lanpostu zuzen sortuko direla esan dute.