Argazki zaharren erakusketa bat jarri du Bertan elkarteak Azpeitian

Olatz Prat 2014ko ots. 20a, 08:00

1906tik aurrera Vicente Crespok egindako argazkiak martxoaren 10era arte egongo dira hainbat erakusleihotan

Bertan Merkatari Elkarteko kideen hainbat saltokitan herriko argazki zaharrak ikusteko aukera dago. Aurrez inoiz argitaratu gabeko argazkiak dira argazki horiek, 1906. urtetik aurrera Azpeitiko epaitegian lan egin zuen Vicente Crespo epaile gaztelarrak ateratakoak. XX. mende hasierako Azpeitiko paisaiak, eraikinak eta giroa ikus daiteke Cresporen argazkietan. Azpeitian ez zuen inork argazki haien berririk. Cresporen familiaren etxean urte luzez gordeta egon ostean, epailearen birbiloba Alberto Garcia Alvarezek aurkitu zituen behin argazkiak. Egun, Renfeko bidaiarien negozio arloko zuzendaria da Garcia, eta Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoari eman zizkion iaz bere birraitonak ateratako argazkiak. Horren bidez egin zuten joan den udazkenean argazki horien erakusketa, museoan bertan. Hain zuzen, erakusketa hura ikusi ez zutenek argazkiak ikusteko aukera izan dezaten, Bertanek Burnibidearen Euskal Museoarekin elkarlanean ipini ditu argazkiak erakusgai. Martxoaren 10era bitartean ikusi ahal izango dira honako saltokietan: Iosu Optika, Urrestilla, Nerea Eskulanak, NKN Mutil Modie, Arantxa Haur jantziak, Makibar Fruta eta Abar, Urbistondo Margoak, Iturralde Iturgintza, Ilargi, Ufito, Jostaldi Kirolak, Arrospide Oinetakoak, Biur, Agirre Oparidenda, Arkupe, Babesa Gazte Moda, Begoña Etxeberria, Yuritz Oinetakoak, Egaña Confecciones, Saltoka Haur Oinetakoak, Altuna Zapategia, Ciclos Beni, Mina Mertzeria, Mugi Kirolak, Ttipi-Ttapa, Larrañaga Kirolak eta Haurtxoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide