Eskualdeko udalek 561.000 euro itzuli beharko dizkiote guztira Gipuzkoako Foru Aldundiari, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioaren harira. Funts horren bitartez, aldundiak urtero egiten duen zerga bilketa aurreikuspenean oinarrituta, dirua aurreratzen die udalei. Krisiaren ondorioz, aldundiaren diru bilketa aurreikusitakoa baino baxuagoa izan da, ordea, eta ondorioz, udalek itzuli egin beharko dute jasotako diruaren zati bat.
Hitzarmenari esker, gutxiago
Gipuzkoako udalek 5,6 milioi euro itzuli beharko dituzte orotara. Euskal Finantza Kontseiluan joan den astean erdietsi zuten akordioari esker, «kopuru hori ez da handiagoa izan», Elena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu duenez, «akordiorik gabe bikoitza» izan baitzitekeen.
Aurrekontuaren %1,4a da, hain zuzen, udalek itzuli beharko duten diru kopurua. Aurrekontuek izan ohi duten epea eta lau epetan itzultzeko aukera izanik, udalek dirua itzultzeko «arazo handirik ez» dutela izango uste du Francok.
Itzuli beharrekoak
- Aizarnazabal: 6.100 euro
- Aia: 15.400 euro
- Azkoitia: 88.000 euro
- Azpeitia: 110.000 euro
- Beizama: 2.500 euro
- Errezil: 5.200 euro
- Getaria: 20.500 euro
- Orio: 40.400 euro
- Zarautz: 172.000 euro
- Zestoa: 28.000 euro
- Zumaia: 72.200 euro