Elkarguneko areto nagusian egingo dute merkatariek azoka
(Ane Olaizola)
Herrixen merkatari elkarteak antolatuta, outlet azoka egingo dute bosgarren urtez Azkoitian; iaz hasitako berrikuntzak mantendu, eta orduan abiatutako formatu berdina izango du asteburu honetan egingo duten azokak; batetik, herriko elkarte barruko hamahiru saltoki Elkarguneko areto nagusian izango dira, eta ondoko aretoan umeentzako zaintza zerbitzua eskainiko dute.
Iazko saltoki kopuru bera izango da aurten ere, eta saltoki gehienak aurreko urteetako berak izango dira; arropa eta mertzeria dendek hartuko dute tarte nagusia, baina izango da berrikuntzarik. Ohi bezala, aurreko denboraldiko produktuak «prezio oso baxuan» salduko dituzte merkatariek; umeen zaintzari dagokionez, aurreko urtean izandako «harrera onaren ondotik» erabaki dute zerbitzua bigarren urtez jartzea, behar dutenak «erosoago» ibil daitezen azokan. Hiru eta hamar urte bitarteko umeentzako izango da zerbitzua, eta bi begirale ariko dira horiek zaintzen.
Larunbatean eta igandean egongo da zabalik outlet azoka; larunbatean 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik, eta hurrengo egunetan ordubete lehenago itxiko dute. Umeen zaintzari dagokionez, berriz, larunbatean 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zerbitzua martxan; igandean, berriz, haurren zaintza soilik goizez egongo da.
Herrixen elkarteko teknikari Olaia Zabaletaren hitzetan, Azkoitiko Outlet azokak «harrera oso ona» izan ohi du herritarren artean; «esperentzia oso ona izaten da bi aldeentzat; batetik, merkatariek soberan dituzten materiala gainetik kentzeko aukera izaten dute, eta erosleek prezio ezinobean aurkitzen dituzte». Honen arabera, aurreko urteetan «jende ugari» ibili izan da azokan, eta aurten ere hala izatea espero dute: «Azoka ireki baino ordu erdi lehenago jendea zain egoten da atean, eta goizeko lehenengo orduetan jende ugari ibiltzen da, jakin badakitelako orduan aurkituko dituztela eskaintza hoberenak».
Kontzientziazio kanpainak
Outlet azokaz gain, herritarrek Azkoitiko saltokietan erosteko kontzientzia bereganatu dezaten kanpaina hasi zuen Herrixenek joan zen urte amaieran. Horretarako Arraspatu eta irabazi ekimena abiatu zuten, eta hilean behin sariak banatu ohi dituzte erosleen artean. Gaur txartel horiek banatuko dituzte elkarte barruko dendetan, eta hurrengo ostegunean, hilaren 27an, amaituko dute kanpaina. «Krisi egoeran merkatariak gaizki pasatzen ari direla jakinarazi nahi dugu, herritarrek jakin dezaten lanpostuak sortzeko herrian erostea oso garrantzitsua dela». Kontzientziazio kanpainarekin jarraitzeko bestelako egitasmoak egingo dituztela aurreratu dute.