Urteta abenduaren 31rako itxiko dute, eta Lapatx 2015eko apirilean

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 19a

http://youtu.be/OmN-VoULjWw

Agintariak, prentsaurrekoa hasi aurreko unean (Nerea Uranga/Hitza)   http://youtu.be/OmN-VoULjWw Gipuzkoako «hondakin guztiak tratatzeko, eta ahalik eta gehien berreskuratzeko» gai izango den Hondakinak Kudeatzeko Foru Aldundiaren Azpiegitura proposamena aurkeztu zuten atzo Zarauzko Urteta zabortegian Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) Ainhoa Intxarraundietak. «Zabortegirik gabeko Gipuzkoa nahi dugu, eta badugu horretarako proposamen bat», adierazi zuen Errazkinek. Urtetan izan ziren Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi eta Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakari Amaia Gurutzeta ere. Proposamena egin dute, eta hori orain «alderdi politikoekin, eragile sozialekin, Gipuzkoako mankomunitateekin eta gizarte osoarekin» partekatu nahi dute. Proposamenaren arabera, hondakinen kudeaketa «aurre hartzean, berrerabileran eta birziklapenean» oinarritzen dela esan du Errazkinek. Oraingoak itxi, berriak eraiki Proposamenari bide emanez gero, gaur egungo Gipuzkoako hiru zabortegiak itxi egingo dituztela esan dute foru aldundiko Ingurumeneko arduradunek, datak zehaztuta: «Zarauzko Urteta aurten, abenduaren 31rako; Azpeitiko Lapatxeko zabortegia 2015eko apirilerako; eta, Beasaingo Sasietakoa 2015eko bukaeran». Zabortegiak ixtearekin batera, proiektuak jasotzen dituen azpiegiturak hauek dira: Zubietan tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat eraikiko dute aurtengo azaroan hasita; hiru konposta planta egongo dira, Azpeitian Lapatxen (gaur egun eraikita eta martxan dagoen bakarra), Bergaran Epelen (eraikitzen hasiak dira) eta Zubietan; horiez gainera, materia geldoaren gordailu bat egingo dute. Azken azpiegitura honen kokalekua ez dute zehaztu. «Aurten erabakiko da, Lurraldearen Arloko Plana aldatzeko prozesuan, eta balizko hainbat aukera aztertu ondoren, legeak agintzen duen moduan», azaldu du Errazkinek. Azpiegitura horiek guztiak datorren urtearen bukaerarako martxan eta zabortegi guztiak itxita izatea da proiektuan jaso dutena. Azpiegitura horien guztien kostu osoa 131 milio eurokoa da, eta 100 lanpostu zuzen sortuko dira. Zubietako errauste plantak 400 milioi euroko aurrekontua zuela gogorarazi dute. 2016rako hondakinen gaikako bilketa %60 izatea du helburu aurkeztu duten proiektuak, Gipuzkoako Hondakinen Plan Integralak (GHPI) jasotakoaren araberakoa. Proiektu hau «Gipuzkoak hondakinak modu eraginkorrean eta iraunkortasunez kudeatzeko da», Ingurumen diputatuaren esanetan. «Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko sistema bat izango du, errauste plantarik eta zabortegi kutsagarririk gabea, ingurumena eta herritarren osasuna errespetatuko dituena, eta Europako Batasunaren irizpide eta lehentasunekin bat egingo duena», gehitu du. Era berean, baliabide eta diru aldetik «asko» aurrezteko aukera ematen duela nabarmendu du. Adostasuna eta konpromisoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko arduradun politikoak proiektua aurrera ateratzeko adostasunak lortzen saiatuko dira. Horretarako, datorren astean aldundiko beste alderdietako ordezkariekin bilduko dira. Errazkinek adierazi duenez, adostasunak lortzeko ahaleginak egingo dituzte. Hala ere, beste alderdiek onartzeko modukoa dela uste du. Zabortegiak itxi eta hondakinen arazoari irtenbidea emateko aukera dagoela esan du. «Birziklapenaren Gipuzkoa egiteko aukera dugu, baina horretarako ere adostasun sozial eta politikoak behar ditugu». Adostasunekin batera konpromiso kolektiboa ere beharko dutela nabarmendu dute: «Askotan esan izan dugun moduan, azpiegiturek ez dute miraririk egiten. Birziklapenaren gizartea eraiki nahi dugu, hori da logikoena eta eraginkorrena, eta hori da Europaren helburua. Horretarako, ezinbestekoa da konpromiso kolektiboa; ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortutakoa ahalik eta gehien birziklatzeko». Birziklapenean gora egiten segituz gero eta proposamenean jasotako azpiegiturak eginda, «hondakinei irtenbide integrala eta iraunkorra» emateko aukera izango dela azpimarratu du. Beharretarako malgua Atzo Urtetan aurkeztutako hondakinen kudeaketarako azpiegituren proposamenak, Europaren zuzentarauak zehazten duen Hondakinak Kudeatzeko Hierarkia «zorrozki» betetzen duela adierazi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxarraundietak. «Horrez gain, jasoak daude bai Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorrean, bai honen Aurrerapen Dokumentuan ere». Proposamenak jasotzen duena gauzatutakoan, gaur egun Gipuzkoan sortzen den hondakin kopuru guztiari irtenbidea emango zaiola esan du Intxarraundietak. Horrez gain, «etorkizunean izan daitezkeen beharretarako moldatzeko gaitasuna» izango duela nabarmendu du. «Gure kudeaketaren helburua, zabortegietara hondakinik ez isurtzea da. Sortutako hondakinen %100 tratatzea da asmoa». Urtetaren arduradunak pozik Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Gurutzeta eta Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi pozik agertu dira Urtetako zabortegia aurten itxiko dutelako. Gurutzetak esan du «ardura handia» dela zabortegi baten kudeaketa: «Udal elkartearentzako, sortu zenetik eta gaur arte, Urtetako zabortegiaren kudeaketa ardura handienetako bat izan da: kudeaketa, mantenua, zaintza... Zabortegi baten zaintza inorentzat ere ez da erosoa, hasteko eta behin, inork nahi ez dituen edukiz beteta dagoen zulo bat delako». Zabortegirik gabeko egun batekin amets egin dutela esan du udal elkartekoak, eta «gaur amets hori hurbilago dago». Aurrera begira ere, zabortegia ixteko plangintzarekin segituko dutela esan du Gurutzetak: «Modu antolatu, seguru eta iraunkor batean itxi dadin urratsak ematen jarraituko dugu. Gero, lekuaren berreskurapen posibleak aztertuz». Urola Kostako Udal Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, GHKrekin eta Zarauzko Udalarekin lankidetzan segituko duela esan du, «herritarren ongizatea eta ingurumena lehenetsiz». Zarauzko alkateak «egun handia» dela esan du, «baina handiagoa izango da zabortegia itxiko den eguna». Zabortegiaren itxiera gauzatzeko bidean «eragile guztiekin» elkarlanean jarduteko prest azaldu da hura ere. «Zarauztarrok gertutik ezagutu dugu zabortegia edukitzea zer den, eta hau amaitzeak poz handia ematen digu. Zabortegi ondoan bizitzeko zorterik ez duzuenok ez dakizue zer den hau: kiratsak, lixibiatuak, kaioak, kutsadura... Zarauztarren bizi kalitatean eragin handia izan du. Gaurkoa amaieraren hasiera da», adierazi du. Zarautzen hondakinen arazoari irtenbidea emateko «pausoak ematen» ari direla gaineratu du. Urtetaren itxiera Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenari bide eginez gero, aurrena itxiko duten zabortegia Zarauzkoa izango da, Urtetakoa. Itxi ondoren, ordea, zabortegia izan den eta tonaka eta tonaka hondakin jaso dituen lur eremua berreskuratzeko urteak pasatu beharko dira. «Zabortegia itxi eta aurrena egonkortzen utzi behar zaio. Gero, behin materia guztia egonkortzen denean, dezente jaitsiko da. Urte batzuk pasatu ondoren eta guztiz egonkortuta dagoenean, erabat zigilatu beharko da», azaldu du Gurutzetak. Baina, zabortegia itxiko bada ere, «ahalik eta errefusa gutxiena sortu eta ahalik eta gehien birziklatzeko ahalegina» egin beharko dela nabarmendu du Gurutzetak. «Orain indar guztia horretan jarriko dugu».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide